Ekaineko lehen asteburuan etorriko dira Tarragonako Montferriko herritarrak Aretxabaletara; 50 inguru izango dira. Orain dela lau urte abian jarritako elkartrukearen baitako ekimena da, eta iaz aretxabaletarrek egindako bisita itzultzera datoz.
Kataluniarren egonaldia aprobetxatuta, Urbaltz elkartearen eguna ospatuko dute hilaren 3an, zapatuan. Bazkaria antolatu dute ordurako, eta 150 bat lagun elkartzea da asmoa. Bazkarirako txartelak dagoeneko jarri dituzte salgai Urbaltz tabernan; 22 euro izango da arrunta eta 17 euro haur, gazte eta langabeena. Erosteko azken eguna maiatzaren 29a da.
Hainbat ekitaldi antolatu dituzte asteburu horretarako Tarragonakoen egonaldia girotzeko. Eta hori finantzatzen laguntzeko poltsak eta kamisetak jarri dituzte salgai; haiek ere tabernan dauzkate.
Egitarau betea
Urbaltzekoen eta Montferrikoen artean egingo den laugarren topaketa da. Lehenengoz, 2019ko otsailean joan ziren aretxabaletarrak Tarragonara, eta urte berean, ekainean, etorri ziren kataluniarrak hona. Ondoren, pandemia sasoian, ez zuten egiterik izan, eta iaz joan ziren bigarrenez Aretxabaletakoak Montferrira. Bisita hori itzultzera datoz orain handik.
Egitarau bete-betea prestatzen dabil Urbaltzeko bazkide taldetxo bat. Aurreratu dute talo-txosna jarriko dutela ekainaren 2an eta bertan ekoiztutako produktuak dastatu ahal izango direla; hanburgesak eta gazta, esaterako. Eñaut Zubizarreta musikari aretxabaletarrak eta Larraitz Iparragirre eskoriatzarrak emanalditxo bat egingo dute eta bola-txapelketa ere egingo da, beste hainbat konturekin batera.