Edozein Heziketa Ziklotan matrikulatuta dauden ikasleei bideratutako lehiaketak dira Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak antolatutako EuskoSkills. Aretxabaleta Lanbide Eskolako ikasleak hainbat urte daramatza modalitate ezberdinetan parte hartzen. Aurten, esaterako, June Saez eta Izaro Otero ikasleek arreta soziosanitarioko modalitatean hartu dute parte, eta zilarrezko eta brontzezko domina lortu dituzte, hurrenez hurren.
Bestalde, Oier Limiak automobiletako teknologia modalitatean, zilarrezko domina lortu du eta Ekaitz Zabartek, karrozeriako modalitatean, brontzezkoa. Esteban Iriartek ere hartu zuen parte pintura modalitatean eta Mikel Telleriak ere bai galdaragintzan.
Lanbide heziketako "ikasketen gorakada"
"Lanbide heziketako ikasketak gorakada nabarmena izaten ari dira azken urteetan; besteak beste, Erasmus eta Dual proiektuak eta enplegagarritasun-tasa altuak erakargarriak izaten ari dira gazteen artean", adierazi dute ALEko arduradunek eta gogorarazi zabalik dagoela aurrematrikula egiteko epea maiatzaren 26a arte.
Aretxabaletako ikastetxean familia ezberdinetako heziketa-zikloak eskaintzen dituzte: erizaintzako zaintza osagarriak, mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta, karrozeria, elektromekanika, automozioa, soldadura, eraikuntza metalikoak, mekanizazioa eta aurten lehengo aldiz, oinarrizko lanbide heziketa elementu metalikoen fabrikazioa, besteak beste.