Lasterketak eta erromeria Otala Zelai Egunean, baina ekitaldiak herrira ekarrita

Mirari Altube Arrese 2023ko mai. 12a, 14:14

Korrikalariak Otala Zelaiko lasterketako lehen metroetan, iaz.

Joseba Mardo-ren oroimenezko 43. Otala Zelai krosarekin ekingo diote egunari domekan, Aozaratzako zelai ezagunean, 11:00etan; aurretik gaztetxoen lasterketak egongo dira. Ondoren, jolasen, musikaren eta dantzen txanda izango da, baina zelaian egin beharrean Herriko Plazan eta Iturrigorri pilotalekuan egingo dituzte.

Ohitura den legez, lasterketek emango diote hasiera Otala Zelai Egunari. Haurrenak izango dira lehenengo, 10:00etan hasita, eta zelaiaren bueltan egingo dute korrika haiek: 500 metro benjaminek, 1.000 metro alebinek eta 1.500 metro infantilek.

Ondoren, 11:00etan, helduen txanda izango da; Joseba Larrinaga Mardo-ren oroimenezko 43. Otala Zelai krosa jokatuko dute eta Urkuluri bira eman beharko diote, eta zelaian bukatuko dute –8.400 metro–. Hiru kategoria egongo dira lehian: emakumezkoak banaka, gizonezkoak banaka eta bikote mistoak. Izen-emateak Ibarra kiroldegian edo www.herrikrosa.eus webgunean egin daitezke –bihar arte–, zortzi euroren truke, baita probaren egunean bertan ere, 15 euro ordainduta. Sari-banaketa ekitaldia 12:15ean hasiko da.

Animaliarik ez aurten

Behin lasterketak bukatuta, ospakizunari ekingo diote. Egun euritsua iragarrita dagoenez Udaleko Kultura Sailak erabaki du herrira ekartzea zelairako antolatutako ekintzak. Aurten, gainera, ez da poney eta bigantxarik egongo, Udaletik jakinarazi dutenez Animalien Ongizateari buruzko Lege berriak debekatu egiten duelako ikuskizunetan erabiltzea.

Goiz parteko ekitaldiak Herriko Plazan izango dira. Neska-mutikoek jolasak izango dituzte, besteak beste, arto-jasotzea, lokotx-biltzea eta harri-jasotzea. Eta sagardo dastaketa ere egongo da 13:30ean, Leizarra musika eskolako trikitilariek girotuta.

Bazkaririk ez da izango eta arratsalde parteko ekintzak Iturrigorri pilotalekuan egingo dira. J&J DJak girotuko du hori, 16:00etan hasita, eta 18:00etan, musika eskolako dantzarien emanaldia izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak