Ginga jartzea bakarrik falta izan zitzaien

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mai. 7a, 16:39

Oier Zumarraga (beltzez) eta Iker Lopez (gorriz) Sevillan.

Osasunak bi eta bat galdu zuen Real Madrilen aurka Errege Kopako finalean. Meritu handiko neurketa egin zuten Jagoba Arrasateren mutilek, baina ezin izan zuten garaikurra Iruñeara ekarri. Finala irabaztea lortu ez arren, egun "ahaztezina" bizi izan zuten Iker Lopez eta Oier Zumarraga aretxabaletarrek Sevillan. Haiekin izan da GOIENA atzoko egun historikoaren ondoren. 

Gauez, eta autobusez bidaiatu zuten Oier Zumarraga eta Iker Lopezek Sevillara. Egubakoitzean, 00:00ean irten zuten Iruñeatik Sevillara, EH Jaiak bidai agentziak antolatutako autobus batean. Geldialdiak tarteko, goizeko hamaikak pasatxo iritsi ziren Andaluziako hiriburura, egun handi bat pasatzeko asmoz. Egun guztia alde zaharrean, eta esprezuki talde gorritxoak finalerako eraiki zuen Fan Zonean pasa ondoren, La Cartuja futbol zelaian jarraitu zuten finala bertatik bertara bi aretxabaletarrek.

Jende pilaketengatik La Cartuja-ko harmailetara sartzeko zailtasunak gainditu ostean, hego harmailan 25.000 zale gorritxo ikustea "hunkigarria" izan zela diote bi aretxabaletarrek. Ondo gogoan dute baita ere, Osasunako jokalaria den Lucas Torrok berdinketa egin zuen momentua. Bientzat atzoko eguna egun "historikoa" izan zen, Osasuna zalez inguratuta, eta maite duten taldea Errege Kopako final batean animatzen.

Azkenerako, baina, talde gorritxoak ezin izan zuen garaikurra lortu eta behin neurketa amaitu ondoren, Jagoba Arrasate entrenatzailearen negar-malkoekin asko hunkitu zirela azpimarratu dute. Zumarragak ere, Abde eta Kike Barjaren abagune garbiak tamaldu ditu.

Etxerako buelta gazi-gozoa izan da, eta bi aretxabaletarren esanetan, leher eginda daude. Harrotasun puntu batekin, munduko afizio "onena" Osasunarena dela adierazi du Lopezek. Ia ba hirugarrengoan Osasunak Errege Kopa irabazten duen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak