Lapurdiko Ametza Ikastolako 60 pertsonei egindako harrerarekin hasi dute eguna, 11:00etan. Azaroan, berogailua eta gasa ordaintzeko zailtasunak izan zituen Ametza ikastolak, eta Arizmendi Ikastolak 5.500 euro bildu zituen haiei laguntzeko. Hori dela eta, gaur Udaberriko jaira gonbidatu dituzte, Tafallako Ikastolako lagunekin batera.
Harreraren ondoren, trikitilariekin batera kalejiran irten dira Basabeazpitik Herriko Plazaraino eta han ekitaldi nagusia egin dute 12:30ean; taloak jan dituzte, umeak jolasekin entretenitu dira, eta familia-argazkia atera dute. Goizeko ekitaldien ondoren, mahaiaren bueltan elkartuko dira bazkaltzeko Durana kalean. Arratsaldean, umeendako tailerrak izango dira eta txokolate beroa hartuko dute Argitxorekin batera 17:30ean. Batukada doinuekin emango diote amaiera egunari.