Argazkilaritza gertutik ezagutzeko aukera

Mirari Altube Arrese 2023ko mai. 5a, 08:51
Gustavo Bravo argazkilaria. (Argazkia: Jeosm)

Gustavo Bravo argazkilari madrildarraren Beltzuria izeneko lanaren bueltako argazkiak izango dira maiatzean Arkupen, eta, hori irekitzeko, Fotografía de calle y paseo consciente hitzaldia egingo du gaur, egubakoitza, Zaraia aretoan, 19:00etan.

Gasteizen bizi den Gustavo Bravo kazetari eta argazkilariaren lanekin beteko da Arkupeko erakusketa-aretoa maiatzean. Beltzuria izeneko proiektuaren baitako hamasei lan izango dira han ikusgai. Erretratuen bidez hausnarketa eragin gura du artistak, gorputzek bide publikoan hartzen duten plastikotasunaren eta hizkuntzaren gainean. Ixiar Rozasen Beltzuria liburuko testuetan oinarrituta
dago, eta 2021etik 2022ra bitartean
garatu zuen, Bilboko kale nagusietan.

Erakusketa zabaltzeko, Fotografía de calle y paseo consciente hitzaldia egingo du Bravok gaur, egubakoitza, 19:00etan hasita. Begirada heztearen eta garatzearen garrantziaren gainean jardungo du FotoGasteiz argazki-eskolako zuzendariak, balioan jarriz argazkia ateratzeko ekintza bera.

Antzezlanak eta dantza

Antzerkiak ere izango du lekua maiatzean, Arkupen. Benetan Be antzerki taldeak Batetik bestera lana aurkeztuko du domekan (17:00etan). Migrazioa izango dute hizpide, umorearen bidez, eta, aldi berean, ingurumenaren ezagutza, eta babesa sustatuko ditu lanak.

Helduek, ostera, Kaleka antzerki elkartearen Todo el tiempo del mundo antzezlana izango dute maiatzaren 12an, 20:00etan;
oroimenaren eta kontakizunen
bueltan jardungo dute.

Hilabetea bukatzeko, maiatzaren 31n, Zuriñe Benaventek eta Ignacio Monterrubiok osatzen duten Altraste konpainiak Bolero work in progress dantza ikuskizunarekin girotuko du Mitarte kalea, 19:00etan.

Garaiko ipuinak umeendako

Udal liburutegiak maiatzerako ere antolatu du ipuin saioa: Bapatean Zirko taldeak Garaiko ipuinak ikuskizuna eskainiko die 4 eta 7 urte arteko neska-mutikoei maiatzaren 24an, eguaztena, 18:00etan. Izena emateko epea astelehenean zabalduko dute, hilaren 8an; liburutegian bertan.

Musika ikasleen emanaldiak

Leizarra musika eskolako kideek bi emanaldi egingo dituzte; maiatzaren 23an trikiti ikasleen saioa izango da eta hilaren 31n, perkusio-joleena. Biak izango dira 18:00etan.

Maiatzeko beste ekitaldi batzuk

Arkupeko kultura ekitaldiez gain beste batzuk ere izango dira maiatzean herrian.

Maiatzaren 13an, zapatua, II. Artzain Txakurren Txapelketa jokatuko da Aozaratza auzoan, 17:30ean.  Sei txakurren lana ikusi ahal izango da, horien artean, Javier Gastañaga aretxabaletarraren Cool-ena.

Maiatzaren 14an, domekan, ostera, Otala Zelaiko Eguna ospatuko da. Ohi legez, lasterketekin ekingo diote egunari; 10:00etan umeenak egingo dira, eta 11:00etan, helduena: Joseba Mardo-ren oroimenezko 43. Otala Zelai herri krosa. Izen-ematea aurrez egin daiteke www.herrikrosa.eus webgunean eta Ibarra kiroldegian –8 euro– eta irteera lekuan –15 euro–.

Zelaiko ospakizunari sari-banaketa ostean ekingo diote. Haurrentzako herri kirol jokoak egongo dira (12:45); sagardo festa, Leizarra musika eskolako trikitilariek girotuta (13:30); herri bazkaria norberak eroanda; euskal disko festa J&J DJarekin (16.00); dantza saioa Leizarra musika eskolako dantza taldearen eskutik (18:00); eta bukatzeko, berriz disko festa (19:00).

Maiatzaren 27an, zapatua, txakolinari egingo diote lekua Mitarte kalean, 12:30ean hasita. Sei upategik parte hartuko dute, eta txakolinaz gain, bertako ekoizleek egindako hanburgesak eta pintxoak erosi eta dastatu ahal izango dira. Eguna girotuko dute Lekunberriko eta Legazpiko erraldoi eta buruhandien konpartsek.

Eta maiatzaren 28an, Haur Dantzarien Eguna izango da; sei talde elkartuko dira. 11:00etatik 12:30era bitartean herrian zehar ibiliko dira taldeak eta 12:45ean Herriko Plazan elkartuko dira guztiak alardea dantzatzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak