'Etxerako bidean oztoporik ez' leloarekin kalejira egingo dute maiatzaren 7an

Mirari Altube Arrese 2023ko api. 28a, 14:22

Maiatzaren 7rako kalejiran parte hartzeko deia egiten hainbat herritar.

Kalejira deitu du Aretxabaletako Sarek maiatzaren 7rako; Portasoletik abiatu eta Herriko Plazan bukatuko dute. Euskal presoei lege arruntak aplikatzea eta etxeratzeko bidean jartzen zaizkien oztopoak bertan behera uztea eskatuko dute, baita Gari Garcia Aretxabaletara ekartzea ere.

Behin sakabanaketa politikarekin bukatuta euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen legediak eta etxeratzeko bidean jartzen zaizkien oztopoak bertan behera uztea eskatuko dute. "Sakabanaketaren bukaerarekin izugarrizko zama kendu dugu gainetik; bereziki senideek eta lagunek. Baina zoritxarrez, oraindik salbuespen legediak aplikatzen jarraitzen dute presoei", adierazi du Sareko Txarli Garciak eta horren adibide gisa Joseba Arregin oñatiarraren kasua aipatu du: "Bi aldiz urratu diote hirugarren gradua eta berriro itzuli behar izan du espetxera".

Sarekoen esanetan 39 preso daude hirugarren graduan eta 110 izan beharko lirateke. Horien artean dago Gari Garcia Arrieta preso aretxabaletarra: "Orain dela bi urte eta erdi ekarri zuten Zaballara. Eta baldintza guztiak beteta izan arren ez du inolako progesioa izan bere egoera juridikoak. Bide horretan oztopo nagusiena da Audientzia Nazionaleko fiskalaren papera; izan ere, espetxeak hirugarren gradua emanagatik errekurtsoak jartzen ditu eta oztopoak jarri behin eta berriz".

Portasoletik Herriko Plazara

Etxeratzea lortu arte lanean jarraitzeko asmoa agertu du: "Gari Aretxabaletan izan arte jarraituko dugu". Ildo horretatik antolatu dute kalejira maiatzaren 7rako; 12:30an abiatuko da Portasolgo autobus geltokitik eta Herriko Plazan bukatu. Musikak girotuko du eta bukaeran ekitaldi txiki bat egongo da: "Anima daitezela herritarrak".

"Sakabanaketarekin amaitu zen adostasun zabala lortuta eta gizartearen aktibazioaren bidez, eta orain ere, bide beretik jo gura dugu etxeratzeko prozesuan jarritako oztopoekin bukatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak