Asteburuan zehar literaturarekin lotutako ekintza ugari izan dira bailarako herrietan. Izan ere, gaur da Liburuaren Eguna. Hori dela eta, Zaraia aretoan lau idazleren hausnarketak entzuteko aukera egon da gaur eguerdian. Josune Murgoitio arrasatearrak Lo que sucedió en Turquía bere hirugarren eleberriaren eta bosgarren liburuaren xehetasunak eman ditu; Jon Sarasua aretxabaletarrak Harizko zubiak. Haiti, Pernambuco, Mexiko eta Tangerreko jasokinak izenburuko lana aurkeztu du, eta Judit Ruiz de Munain Perdiendo la cabeza bere lehen eleberriaz mintzatu da.
Hiru idazle horiei Bergarako Idazle Eskolako zuzendari den Tere Irastorza batu zaie, Poesia bizitzeko eta sentitzeko modua da liburuaz hitz egiteko. Karmele Igartua aretxabaletarraren olerkien bilduma da, Pamiela argitaletxeak argitaratuta, Aretxabaletako Udalaren eta Bergarako Idazle Eskolaren laguntzarekin.
Berbaldi horri literatura azokak hartu dio lekukoa Herriko Plazan. Zaraia aretoan berba egin duten idazleak ez ezik, Gema Iñiguez arrasatearra, eta Jaione Fernandez de Jauregi eta Xabier Oyanguren Zubizarreta Arivalia eskoriatzarrak ere bertan izan dira. Hortaz, idazle horiekin hitz egiteko, beraien liburu bat erosteko eta, bide batez, etxera sinatuta eramateko aukera izan dute herritarrek.