Aretxabaletako eta inguruko idazleek azken lanak ezagutzera emateko aukera izango dute apirilaren 23an, domekan, Liburuaren Egunean. Lau idazlek onartu dute Udalak egindako gonbidapena, eta liburuen aurkezpenak Arkupen egingo dituzte, 12:00etan hasita.
Lau libururen aurkezpenak
Jon Sarasuak Harizko zubiak. Haiti, Pernambuco, Mexiko eta Tangerreko jasokinak izenburua duen lana aurkeztuko du. Latinoamerikan eta Afrikan egindako lan-bidaietako testu laburrek osatutako liburua da; ibilbidean jasotako puskak dira, eta lehen pertsonan idatzitako gogoetak.
Judit Ruiz de Munainek Perdiendo la cabeza lehen eleberriaz jardungo du. Senarra galdu eta hamaika burukomin topatu dituen emakume baten istorioa jaso du.
Josune Murgoitiok, ostera, Lo que sucedió en Turquía hirugarren eleberriaren eta bosgarren liburuaren gaineko argibideak emango ditu; Destino Estambul sailaren bigarren atala da. Nazioarteko maitasun istorio korapilatsu batean familiak eta Turkiako tradizioek duten eragina jaso du.
Bestetik, Bergarako Idazle Eskolako zuzendari Tere Irastortzak Poesia bizitzeko eta sentitzeko modua da liburua aurkeztuko du. Karmele Igartua aretxabaletarraren olerkien bilduma da, Pamiela argitaletxeak argitaratuta.
Azoka Herriko Plazan
Behin aurkezpen ekitaldia amaituta, literatura azoka irekiko dute; Herriko Plazan egongo da, 13:00etatik aurrera. Idazleekin hitz egiteko eta liburuak erosteko aukera izango dute herritarrek. Hor, Gema Iñiguez arrasatearrak, Jaione Fernandez de Jauregi eta Xabier Oyanguren Arivalia eskoriatzarrek eta Bergarako Idazle Eskolako hainbat ikaslek parte hartuko dute.