Eguraldiaren menpe zegoela zapatuko agur-ekitaldia esan arren hasiera baten, senideek baieztatu dute egin egingo dela. Han elkartuko dira familia eta lagunak, eta dantzak, kantuak eta bertsoak eskainiko dizkiete Vietnamen hildako gazteari. Hala adierazi du horren arreba Ibonek: "Aramaioko The Clayton taldekoek abesti pare bat eskainiko dizkiote. Beste lagun batzuek bertsoak abestuko dituzte eta senideok hitz batzuk esango ditugu. Ointxe saskibaloi klubeko talde batean jokatzen zuen eta hango lagunek ere badute zerbait pentsatuta. Horrez gain, Ekainen argazkiak erakutsiko ditugu eta agurra dantzatuko diote". AZ Gaubelak-ek dihardu guztia antolatzen.
Oinez igotzeko eskaera
Badakite jende asko elkartuko dela agurrean, eta parte hartu gura duen guztia ongi-etorria izango dela adierazi dute senideek, beti ere errespetua erakutsita: "Errespetua eskatzen diegu gerturatuko direnei. Edonori irekita dago ekitaldia, edonork parte hartu ahal izango du, baina mesedez, lehenengo utzi familiari lekua hartzen, barrura sartu aurretik". Aparkalekurik ere apenas dago Otala Zelai inguruan, eta horregatik, oinez igotzeko eskaera egin dute.
Lagunen zein herritarren aldetik babes handia jaso dutela aditzera eman dute Ibone arrebak eta Elena Iglesias amak: "Ekainen izaerak zerikusi handia izan duela horretan uste dugu; askotan esan dugu hori egunotan. Lagun mordoa zituen eta oso ezaguna zen. Lagunek ere esan digute kuadrillako zutabea joan dela: parrandazalea, animatzailea eta irteerak eta ekitaldiak antolatzen zituena".
Vietnamen moto istripua
25 urte zituen Ekain Andres orain dela bi hilabete abiatu zen Aretxabaletatik. Greziatik igaro ostean, Asiara egin zuen salto, eta besteak beste, Tailandia, Bali eta Vietnam ezagutzen ziharduen. Hain zuzen ere Vietnamen izan zuen moto istripua apirilaren 7an eta bertan hil zen.
Hilotza ekartzeko hainbat arazo izan dituzte eta gaztearen osaba batek joan behar izan zuen Vietnamera. Aseguru etxearekin ere izan dituzte gorabehera batzuk, eta oraindik erabat konpondu barik dagoela adierazi dute senideek: "Motxileroen aseguruak beregain hartu duela guztia esan da baina ez da egia; oraingoz, errausketa ordaindu du eta zain gaude etxeratzearen gastua, hau da, osabaren bidaia beregain hartuko duen. Lagun Arok, gure betiko aseguru etxeak, ostera, ez du ezer egin benetan behar izan dugunean, senide gehienak kooperatibetako langileak izanik, gainera".