Gaur iritsiko dira Ekain Andresen errautsak Aretxabaletara

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko api. 18a, 09:00

Ekain Andresen familiak EFE agentziari utzitako irudia.

25 urteko aretxabaletarraren errautsak Euskal Herrira iritsita zeudela esan arren, azkenean, gaur, martitzena, ailegatuko dira Aretxabaletara, bere senideek azaldu dutenez. Hala, asmoa da zapatuan egitea azken agurra, arratsaldean, Otala Zelain.

Hilaren 7an jakin zuen Ekain Andresen familiak moto istripu bat izan eta hil egin zela. Orain dela bi hilabete hasi zuen bidaia, eta, Greziatik igaro ostean, Asiara egin zuen jauzi, hala nola, Tailandiako, Baliko eta Vietnamgo lekuak ezagutzeko asmoz. Are gehiago, EFE agentziak jasotakoaren arabera, hilaren 14an zen itzultzekoa Euskal Herrira.

Hilotza ekartzeak, ordea, luze jo du, eta, Ekain Andresen osaba bat joan behar izan zen Vietnamera. Azkenean, familiakoen arabera, domeka gabean iritsi ziren errautsak Asturiasera, eta, gaur joan dira senitartekoak bere bila. Gauean iritsiko dira Aretxabaletara.

Azken agurra

Ekain Andres herrian "oso ezaguna" zela azaldu dute adiskideek, eta, beraz, azken agurra antolatzen dabiltzala. Printzipioz, asmoa da zapatuan, apirilaren 22an, egitea agurra, 17:00etan, baina egitekoak zehazteko daude oraindik. Dena den, aurreratu dute dantzak, bertsoak eta musikak lekua izango dutela; besteak beste, Ekain Andresen lagunak ziren Aramaioko The Clayton musika taldeko kideek abesti pare bat joko dituzte, eta, horrez gainera, nahi duenak hitz batzuk esateko aukera ere izango du.

Horrez gainera, Ointxe klubeko taldeek jokatzen duten partida guztietan minutu bateko isilunea egingo da bere omenez. Izan ere, senior mailako saskibaloi jokalaria zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak