Hasi dira lasterkariak izena ematen Ikazkin Trail mendi lasterketan. Bigarrenez antolatuko du UDAk eta aparteko berritasunik ez dute iragarri; iazkoari eutsita, parte-hartze kopurua gainditzea dute erronka.
Ibilbide berbera
Kurtzebarri mendiaren bueltako ibilbideak apenas izango du aldaketarik. "Egon daiteke aldaketa txikiren bat edo beste. Pinu batzuk botatzen dabiltza, eta lehenengo zatia zertxobait moldatzea ekar dezake horrek, baina ezer gutxi", adierazi dute antolatzaileek. 21 kilometro eta 1.200 metroko desnibela izango du ibilbideak: Areantza auzoa, gailurreria, Kurtzebarri, Elorretako Haitza, Kargaleku, Basobaltz, Degurixa, Andarto eta Urkulu. "Asfaltoa Urkuluraino, pinu gutxi, pagadi dotoreak, Degurixako lautada zoragarria... Paisaiari dagokionez, halako lasterketa gutxi egongo da. Eta iazko lasterkariek ere halaxe esan ziguten: benetan polita izan zela".
Hobekuntza txikiak
Datari ere eustea erabaki dute: irailaren 9a. "Udako oporren aurretik lasterketa asko daude eta ez da samurra lekua topatzea. Pentsatzen dugu lasterkariek ez dutela atsedenik hartzen opor egunetan ere", azaldu dute antolatzaileek. Irteera-puntua eta helmuga Durana kalean egongo dira: "Giro polita sortu zen eta hantxe egongo gara aurten ere. Dena den, zabaldu egin gura dugu helmuga, erosoago egoteko". Beste hobekuntza txiki batzuk egiteko asmoa ere badute: kontsignak lekuz aldatu, dutxak kiroldegira eroan eta bidegurutzeetan jende gehiago jarri. Azken horietan boluntarioak egongo dira: "Iaz osatutako laguntzaile-sarearekin oso pozik gaude".
"Edonorendako aproposa"
Lehenengoan 127 lasterkari elkartu ziren, eta aurten gehiago izatea gurako lukete; bereziki, herritarrak animatu gura dituzte: "Ez da oso teknikoa; Elorretako Haitza bakarrik, zertxobait. Korrikan egin gura duenarendako ibilbide potentea da, eta, era berean, aproposa da hain- beste egin barik gozatzera doanarendako ere". Izen-emate epea zabalik dago helbide honetan: https://web.rockthesport.com