Zorrik gabe itxiko du agintaldia Aretxabaletako Udalak

Mirari Altube Arrese 2023ko api. 3a, 15:43

2022ko ekitaldi ekonomikoaren likidazioak 6.271.930 euroko diruzaintza gerakina utzi du Udal Gobernuak aditzera eman duenez, eta horietatik 2,3 milioi euro inguru sartu ahal izango dira 2023ko kontuetan "konprometitutako proiektuak finantzatzeko".

Komentuko pertsona nagusientzako zentro sozialaren obretara eta Santakurtz kalearen berrurbanizatze lanetara bideratuko ditu Udalak 2,3 milioi euro, besteak beste. Gainerako lau milioi euroak, aurtengo aurrekontuetan jasotako defizitari aurre egiteko erabiliko direla adierazi du Unai Elkorok alkateak: "Gastuak eta diru-sarrerak koadratzeko 4,5 milioi euroko defizita aurreikusi zen, eta adierazi genuen defizit hori ez genuela maileguen bidez finantzatuko, gerakinaren kontura baizik, gehienean behintzat".

Behin likidazioaren berri jakinda ez dela mailegu berririk eskatuko aurreikusitako inbertsioei heltzeko azaldu du alkateak, eta ondorioz, agintaldia "saneatutako kontuekin" bukatuko dela.

Diru kontuak onbideratuta

Inbertsiotara bideratutako hainbat proiektuk izandako atzerapena dela 6,2 milioi euro baino gehiagoko soberakinaren arrazoia "neurri handi batean", adierazi du alkateak; era berean, gogorarazi du pandemia sasoian lehentasunak ezarri behar izan zirela.

Udalaren diru kontuak onbideratuta daudela ere adierazi du Elkorok, 2015ean agintaldia hasi eta zortzi urtera: "Udalak 5,7 milioi euroko zorra zuen, kiroldegia eraikitzearen ondorioz. Zortzi urte hauetan amortizatzeaz gain, ekitaldi ekonomiko bakoitzean kiroldegiko kredituarekin 840.000 euro inguru konprometituta egon arren, 13,3 milioi euro bideratu dira inbertsioetara, 2023ko kontuetan jasotakoak barne".

Inbertsiorik garrantzitsuenen artean daude Santakurtzeko Hornidura eta Saneamenduko Plan Berezia (2,5 milioi euro), komentuko obrak (2,5 milioi euro) eta horren erosketa (660.000 euro). Baina beste batzuk ere egon direla gogorarazi gura izan du: ibaia inguratzen duen pasealekua kiroldegiraino egokitzea, skate parkea, zazpiko futbol zelaia, Ibarrako zelaiko belarra ordeztea eta argiztapena berritzea… Bestalde, aurtengo kontuetan aurreikusi dute Txarapeako igogailua integratzeko esku-hartzea 1,5 milioi euroko aurrekontuarekin.

Alkateak nabarmendu du inbertsioei aurre egiteko gaitasuna mugatua izan arren, "garrantzi handiko esku-hartzeak" egin direla. Gaineratu du "kudeaketa zuhur eta arduratsuari esker" Udalaren zorra hutsean utzi dela: "Egoera horrek erraztu egingo du etorkizuneko inbertsio eta proiektuei lasaitasun handiagoz ekitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak