Udalak asfaltatze-lanak egingo ditu Basabe poligonoan Pazko Astearen bueltan. Apirilaren 11rako, martitzena, daude programatuta lan horiek, eta Iralabarriko etxebizitzen hasieraren eta barruko plazarako sarbidearen arteko paraleloa den errepide-zatian –Izartu tabernaraino– egingo dira. Egoera eskasean dago tarte hori; izan ere, autoen zirkulazioan eragiten duten hainbat zulo daude. 70 metro inguru berrituko dituzte, eta, horretarako, errodatze-geruza fresatu egingo dute, eta, ondoren, birjarri. Lanon ardura Excavaciones Arrasate enpresari eman dio Udalak eta 19.698 euroko kostua dute –BEZa barne–.
Kalea, itxita
Udalak uste du ondo bidean aurreikusitako egunean egingo dela obra, eta egunean bertan hasi eta bukatuko dutela. Horretarako, erretiratu egin beharko dira autoak asfaltatu behar den eremuan dauden aparkalekuetatik. Egun horretan, ibilgailuen zirkulazioan ere eragina izango duela aditzera eman dute, eta ezingo dela kaletik igaro Basabe jatetxetik Iralabarriko etxebizitzen hasieraraino. Poligonoaren atzeko parteko bidea, ostera, zabalik egongo da.
Azbeko bi autobus geltokiak ere mugitu egingo dituzte martitzen horretan; Urkulu urtegirako igoeran geratuko dira, Eroskiren atzealdean.