Umeendako antzezlana apirileko kultura egitarauari ekiteko

Mirari Altube Arrese 2023ko mar. 31a, 08:37

Ipurbeltz ikuskizunaren une bat. (Argazkia: Ameztu Produkzioak)

Musikari, zinemari eta antzerkiari egingo diete lekua Arkupen datozen asteetan, eta, hasteko, zapatuan Ipurbeltz lana izango dute neska-mutikoek. Martitzenean, hilaren 4an, ostera, Laburbira zirkuitua iritsiko da eta euskarazko zazpi film labur emango dituzte.

Adin guztientzako istorioarekin izango da Ameztu Produkzioak konpainia arabarra bihar, zapatua, Arkupen, 17:00etan. Hain zuzen ere, Ipurbeltz ikuskizun familiarrarekin, "jolasaren, umorearen eta errespetuaren bidez" kolore eta ideia guztiek dutela lekua zabalduko dute Zaraia aretoko oholtzatik.

Ez da izango apirilean umeei eskainitako hitzordu bakarra. Kantu Kolore konpainiak Peru krokodiloa izena duen ikuskizuna eskainiko die, zuzeneko musikak lagun eginda, apirilaren 23an, 17:00etan. "Elkartasuna, adiskidetasuna eta errespetua" nabarmentzen dituen lana da, eta balio horien berri emango dute.

Udal liburutegiak ere antolatu du hilabetero egiten duen umeendako ipuin saioa. Hala, Leire Catala Alonsok Liburu magikoa ikuskizuna aurkeztuko du apirilaren 26an, 4 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzenduta, 18:00etan. Bertaratzeko, aurretik eman beharko dute izena interesatuek: hilaren 4tik 24ra bitartean, hain zuzen ere; izan ere, gehienez 30 ikuslerentzat egongo da lekua.

Laburbirako filmak martitzenean

Euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria, Laburbira 2023, apirilaren 4an iritsiko da Arkupera, 19:00etan. Euskal sortzaileek ekoiztutako zazpi film emango dira: Olatuen isiltasuna (Maria Bartolome, Erik Campos eta Fernando Martin); Muskil (Marina Perosanz); Koadro goriari heldu (Iulen Arana); Irrits (Maider Oleaga); Asko falta da? (Ane Cuesta); Hitzak (Josu Martinez); eta Erlojupekoa (Leire Egaña). Oleagaren Irrits filmak Huhezinema Jaialdiko 2023ko sari nagusia jaso zuen.

Estibaliz Urresolaren filma

Zinema komertzialak ere izango du lekua. Helduek bi film izango dituzte: Mari (Dos), apirilaren 14tik 17ra; eta 20.000 especies de abejas, 27tik 30era; azken hori Estibaliz Urresola gasteiztarrak zuzendu du eta hainbat sari jaso ditu Berlingo Nazioarteko Zinemaldian eta Malagako Zinemaldian. Haurrek, ostera, Oink Oink izango dute apirilaren 15ean eta 16an; eta Super Mario Bros, apirilaren 29an eta 30ean.

Musika tradizionala

Musikari dagokionez, Roberto Etxebarria musikari bizkaitarrak eta alaba Mirenek Kolpatuz izeneko hirugarren diskoa aurkez- tuko dute apirilaren 21ean, 20:00etan. Musika tradizionala oinarri izanda, ikuspegi berritua duten kantuak sortu dituzte. Hala, aitak eta alabak trikitiarekin eta panderoarekin jardungo dute, eta gitarrak, kontrabaxuak, mandolinak eta haize-instrumentuek egingo diete lagun.

Idazleen aurkezpenak

Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan Aretxabaletako hainbat idazlek argitaratutako azken lanak aurkeztuko dizkiete herritarrei; apirilaren 23an izango da, domeka, Arkupen, 12:00etan. Jon Sarasua, Josune Murgoitio eta Judit Ruiz de Munain elkartuko dira. Bestetik, Karmele Igartuaren obra jasotzen duen liburuaren azalpenak emango ditu Tere Irastorzak. Ondoren,
Herriko Plazan egingo den
literatur azokan liburuak sinatuko dituzte.

Margolanak erakusketa-aretoan

Bestetik, erakusketa-aretoan Maider Urretabizkaia artista lazkaotarraren margolanak izango dira ikusgai astelehenean hasi eta hilabetea bukatu bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak