Mikel Uribetxeberria Barrena izango da Aretxabaletako EAJren alkategaia

Mirari Altube Arrese 2023ko mar. 29a, 19:52

Mikel Uribetxeberria eta EAJko hainbat kide babesa ematen, Durana kalean.

Aretxabaletako EAJk Mikel Uribetxeberria Barrena (Aretxabaleta, 1967) aurkeztu du maiatzeko udal hauteskundeetarako alkategai. "Ilusioz" heldu dio erronka berriari horrek eta herritarrekin eta eragileekin "elkarlanerako prest" agertu da. Halaber, Aretxabaletak "aurrera egiten jarraitzeko" proiektu berriak iragarri ditu.

Alderdiaren babesa jaso du Uribetxeberriak eta militanteek berretsi egin dute erabakia. Alkategaiak "gogotsu eta ilusioz" heldu dio erronkari, baita "proiektu sendoekin" ere: "Aretxabaletaren aldeko apustua egiten dugu eta gure herritarrekin konpromiso sendoa dugu". Aretxabaletarrekin eta hango eragileekin "elkarlanerako prest" agertu da hautagai jeltzalea, "guztion artean etorkizuneko erronkei arrakastaz aurre egiteko". Haren "hurbiltasuna, kudeaketa eraginkorra eta kemena" nabarmendu dituzte alderdikideek.

"Proiektu berriak" eskuartean

Azken urteetan herriak izan duen "hobekuntza" azpimarratu du hautagai jeltzaleak: "Begi-bistakoa da eraldaketa nabarmena izan duela, baina Aretxabaletak aurrera egiten jarraitzeko proiektu berriak ditugu, gizarte zerbitzuetan, ekonomian, jasangarritasunean zein udal ekipamenduetan".

Horretarako, "eskarmentu handiko" lantaldea izango du lagun: "Herritarren beharrak entzun eta haien eskaerei erantzungo diegu, ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko proposamen, proiektu eta jarduera berriekin".

"Eskarmentua" duena

Udal kudeaketan "eskarmentua" du Uribetxeberriak hainbat agintalditan izan da-eta zinegotzi. Ingeniaritza Teknikoko ikasketak egin zituen eta Cegasa Taldean proiektu zuzendaria izan zen. Gaur egun, Kudeaketa eta Plangintza zuzendaria da Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako Departamentuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak