Irati Betegi Jausoro: "Lehen txapela da eta ilusio handia egin dit"

Mirari Altube Arrese 2023ko mar. 24a, 09:22

Irati Betegi eta Aiala Uriarte txapelekin joan den domekan Arrigorriagan. (Argazkia: Master Cup)

Laboral Kutxa Masterreko hainbat final jokatu ziren joan den domekan, Arrigorriagan. Gazteen mailan, Irati Betegi Jausorok (Aretxabaleta, 2009) eta Aiala Uriarte Gordonek (Sondika, 2008) 22-14 hartu zuten mendean Gisasola-Bilyak bikotea. Aurretik, egubakoitzean, infantilen errendimendu txapelketako partidua izan zuen, Lander Vallerekin bikotea osatuta, eta hura ere irabazi egin zuen. Hala, finalaurrekoa jokatuko dute egubakoitzean, Orion.

Zorionak! Poztekoa izango da lehenengo txapela, ezta?

Bai; ilusio handia egin dit. Jende askok zoriondu nau, gainera, egunotan.

Zelan joan da Laboral Kutxa Master Txapelketa?

Banakako txapelketa jokatu nuen aurretik, eta orduan finalaurrekoraino iritsi nintzenez sailkatuta geratu nintzen. Hortaz, bi partidu jokatu nituen Aiala Uriarte Gordonekin bikote izanda sailkatzeko, eta hirugarren hau izan da finala.

Gordonekin aurretik ere ibilita zeunden?

Ez; hura izan zen banakako txapelketako irabazlea eta harekin bikote izatea tokatu zitzaidan. Oso ondo moldatu gara, hura aurrean eta ni atzean.

Finala gogorra izan zen?

Gogorra, eskua minduta nuelako, baina, bestela, finalaurreko partidua zailagoa izan zen.

Partiduan mindu zitzaizun?

Ez, aurretik. Joan den egubakoitzean, infantilen errendimenduko txapelketako partidua min handiarekin bukatu nuen. Eta atseden hartzeko astirik izan ez nuenez, oraindik minduta neukan domekan.

Infantilen errendimendu txapelketa ere gogorra izaten dabil, orduan?

Partidu zailak izan dira, bai, baina gustura gaude egindako lanarekin. Bereziki, egubakoitzeko partidua izan zen gogorra; izan ere, Orioko bikotea izan
genuen aurkari eta 18-17 iraba
zi genien.

Eta dagoeneko finalaurrekoan zaudete?

Bai; martxoaren 24an dugu eta berriro ere Orioko bikotea izango dugu aurrez aurre; gainera, haien etxean da partidua. Elkar ezagutzen dugu, eta oso gogorra izango da.

Hortaz, eskua osatzea garrantzitsua da.

Bai, deskantsua eman astean, eta ea oneratzen den.

Pilota taldean hasi zinenean ez zegoen neskarik.

Ez; lagun batzuk nituelako etorri nintzen, 8 urterekin, eta oso gustura jarraitzen dut. Orain beste neska bat hasi da, Ainhize Saez de Biteri gatzagarra.

Debagoienean hainbat pilotari daude; erreferente dira haiek zuretako?

Bai, noski: oñatiarrak, bergararrak, antzuolarrak... Oso gustura ibili izan naiz haiekin.

Topaketak ere antolatu izan dira...

Bai; Antzuolan eta Eskoriatzan egin dira, eta hurrengoa Aretxabaletan egitea da asmoa, baina datarik ez dago oraindik. Halakoak elkar ezagutzeko eta lan egiteko garrantzitsuak direla uste dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak