Murun elkartzeko deia egin du Sarek 'Etxera bidea gertu' mezua zabaltzeko

Mirari Altube Arrese 2023ko mar. 23a, 10:56

Aretxabaletako Sarek Murugainera gonbidatu ditu herritarrak domekan. Etxeratze prozesua aldarrikatzea da helburua eta hori erakusteko argazkia aterako dute tontorrean, 11:00etan.

"Behin sakabanaketa politikarekin bukatuta prozesuaren fase berri batean sartu gara eta Aretxabaletan ere etxera ikurra duen zapia eramango dugu Muru mendi tontorrera. Argazkia aterako dugu han eta aldarrikatu etxeratzeko fasean gaudela", adierazi du Txarli Garciak, Sareko ordezkariak.

Ia preso guztiak Euskal Herrian egonda "lege arrunta" eskatzeko garaia dela uste du; horien artean daude graduen progresioa eta baimen bereziak: "Salbuespenezko legedia aplikatzen jarraitzen dute euskal presoei eta guk aldarrikatzen duguna da bere garaian sortutako lege bereziak bertan behera uztea eta lege arrunta ezartzea gainerako presoei bezala".

Gari "etxeratu arte"

Zaballan dagoen Garikoitz Garcia Arrieta preso aretxabaletarra izango dute gogoan bereziki: "Ia bi urte daramatza Zaballan, hamaika urte dispertsioan egon ostean. Gradu progresioa eskuratzeko baldintza guztiak beteta izan arren ez dugu ikusi inolako mugimendurik eta ez dugu ulertzen horren arrazoia".

Hori horrela, fase berriaren hasiera irudikatzera gonbidatu dituzte herritarrak domekan, Murura: "Preso guztiak etxeratu arte ez du bukatuko lana Sarek, hortaz, Gari etxean izan arte jarraituko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak