Bueltan da urtero Aretxabaletako Ibarra kiroldegian ospatzen den Fun Dantz jaialdia. Aurten, martxoaren 25ean izango da, 18:30ean hasiko da eta 20:00etan bukatu. Dantza urbano taldeen aterpe, aurten ere jende andana batuko da kiroldegiko kantxa nagusian dantza taldeen koreografia eta ikuskizunez gozatzeko. Zazpigarren edizio honetan, maila handiko dantza taldeak arituko dira; bereziki, kategoria absolutuan, 15 urtetik gorakoetan.
Bizkaitik iritsiko dira Elements (Santurtzi) eta The Factory (Bilbo) taldeak; Gipuzkoako hiriburutik iritsiko da Bamboo taldea; eta, azkenik, Iruñetik etorriko da B-Breath taldea. Azpimarratzekoa da lau talde horiek Barakaldon ospatzen den BreakOnStage jaialdi ospetsua irabazi dutela inoiz. Haiez gain, beste sei talde arituko dira kategoria absolutuan; hamar, guztira. Junior kategorian, 15 urtetik beherakoetan, beste hamar talde arituko dira dantzan. Tartean, Debagoieneko dantzari asko biltzen dituen Bergarako Camden akademiako hiru taldek ere parte hartuko dute. Horrenbestez, Fun Dantz jaialdiaren zazpigarren edizio honetan, hogei talde arituko dira nor baino nor gehiago.
Ander Garaizabal jaialdiaren antolatzaileetako bat da eta ekitaldiak urtero batez beste 600 pertsona elkartzen dituela adierazi du. Hala, dantza urbanoen askotariko estiloez gozatzeko aukera egongo da, gehienez hiru minutu iraungo duten koreografien bitartez. Irabazleek, dirua eramateaz gain, maiatzaren 6an Barakaldon jokatuko den BreakOnStage jaialdian parte hartzeko aukera izango dute. Ez da sari makala.
Epaimahai ederra
Epaile lanetan punta-puntako hiru dantzari ibiliko dira: Alberto Pardo, munduko breakdance eszenan jardunean dagoen dantzari garrantzitsuenetakoa; Laura Bosque, Zaragozako Resistance Crew taldeko kidea; eta Jorge Franch, dantza urbanoen hainbat estilotan espezializatua. Epaimahaia osatzeaz gain, jaialdiaren hasieran ikuskizuna eskainiko du hirukoteak.
Sarrerak salgai daude
Sarrerak salgai daude Arkupeko kultur etxean eta Arkupe-ko webgunean. Bost euro balio dute, eta agortzear daude. Emanaldiak laurogei minutu iraungo du. Ibarra kiroldegiko ateak emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko dituzte eta antolakuntzatik eskatzen diote publikoari garaiz iristeko.