Hil ostean familiari laguntza ematea helburu

Mirari Altube Arrese 2023ko mar. 15a, 11:10

Nagore Olave, Deiane Madinabeitia, Xabier Berridi –presidentea– eta Oier Garziaetxabe.

San Jose-San Martin kofradiak batzar orokorra egingo du martxoaren 18an Arkupen; pandemia sasoian ez zuten egiterik izan eta aurten berreskuratu egingo dute; 3.376 bazkide dituen elkartearen zuzendaritza batzordeko lau kide aldatuko dituzte.

Ia 170 urte dituen San Jose-San Martin kofradiak ez du batzarrik egin azken bi urteotan, pandemia tarteko, eta aurten bazkideak elkartu gura ditu berriro. Martxoaren 18an izango da hori, zapatua, Arkupen –lehen deialdia 10:30ean eta bigarrena 11:00etan–. Zuzendaritza batzordea berrituko dute orduan: lau lagunek bukatu egingo dute bi urteko jarduna eta beste lau sartuko dira, bazkideek boto bidez hautatuta; horretarako paperak Arkupeko sarreran utziko dituzte egunean bertan.

Kofradiak 3.376 bazkide ditu gaur egun –1.751 emakume eta 1.625 gizon– eta horien batez besteko adina 55 urte da. Azken urtean 53 kide hil dira; aurreko urtean baino hiru gutxiago. Herrian bazkide gehien dituen elkartea da, hain zuzen ere.

Bi zerbitzu-mota

Hildakoaren familiari laguntzeko helburuarekin sortu zen 1855ean, eta gaur egun ere horretan dihardu borondatez lan egiten duen zuzendaritza batek.

Bi zerbitzu-mota eskaintzen ditu elkarteak: bata, Aretxabaletan bertan hil edo ehortzitakoendako; eta bestea, herritik kanpo hildakoendako –EAE barruan edo Iruñeko ospitaleren batean–. Azken agurra elizan ematen diete hildakoei gehienek, baina hileta zibilak ere sartu dituzte laguntzen zerrendan, eta herriko zerbitzuan onartutakoa ordaintzen da.

Bulegoa Iralabarri plazan

Kofradiaren bulegoa Iralabarri plazan dago –Gu Haziak Gara elkartearen egoitzaren alboan– eta han artatzen dituzte bazkideak zein argibide eske doazen herritarrak. Horretarako, hileko lehen astelehenetan elkartzen dira –hurrengoa apirilaren 3an–, eta ordutegia honako hau da: 18:00etatik 19:30era. Kontsultak posta elektroniko bidez ere bidera daitezke; hona hemen helbidea: aretxabaletakofradia@gmail.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak