Hona hemen adierazpena osorik:
1975ean Nazio Batuen erakundeak martxoaren 8a Emakumeen* Nazioarteko Eguna izendatu zuen, emakumeen* eskubideen alde feminismoak egindako lana aitortzeko helburuarekin. Honakoak dira mugimendu feministak lortutako eskubideetako batzuk: enplegu eskubidea, independentzia ekonomikoa izateko eta gizartean eta politikan parte hartzeko eskubidea, sufragio eskubidea, bizitza duina izateko eskubidea eta indarkeriarik, esplotaziorik eta gutxiespenik ez jasateko eskubidea, besteak beste.
Gaur egun, oraindik ere, bide luzea gelditzen zaigu berdintasun eraginkorra lortzeko, eta, horregatik, ezinbestekoa da emakumeen* eguna aldarrikatzen jarraitzea. Emakumeek* jasaten duten zapalkuntza egiturazkoa da eta antolaketa ekonomiko, politiko zein ideologikoan errotuta dago. Oraindik ere emakumeek* bereizkeria pairatu behar dute emakume* izate hutsagatik eta bereizkeria hori beste batzuekin gurutzatzen da: sexu-orientazioa, klasea, etnia, adina, migrazio-estatusa edo genero-identitatea, besteak beste.
Ondorioz, politika feministak zeharlerrokotasunez garatzea beharrezkoa da sistema patriarkala arrakalatzeko. Horregatik, Aretxabaletako Udalak, bere eskumenen esparruaren barruan, honako konpromezuak hartzen ditu:
- - Aretxabaletako berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta teknikoak indartzea. Eta tokiko politiketan generoa zeharlerrokotasunez txertatzeko baliabide hauek sendotzea eta babestea.
- - Generoaren eta giza eskubideen ikuspegia indartzea, bai eta Udaleko arloen arteko koordinazioan ere.
- - Aretxabaletako langileei zuzendutako berdintasunari eta indarkeria matxistari buruzko barne-prestakuntza burutzea.
- - Aretxabaletako herritarrei zuzendutako sentsibilizazio ekintzak burutzea, gizartea kontzientziatzeko eta emakumeak* ahalduntzeko kanpaina eta programa insituzionalak daudela bermatuz.
- - Berdintasunaren aldeko eta emakumeak* ahalduntzeko neurriak osotasunean garatzen jarraitzea, mugimendu feministaren parte-hartzea bultzatuz eta haien ekarpenak sartuz.
- - Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen* eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzea, haien beharrak eta eskaerak entzun eta aintzat hartuta, babeserako, arretarako, erreparaziorako eta berriz ez gertatzeko bermerako eskubidea bermatuko duten politika berriak diseinatzeko.
Emakumeen* Nazioarteko Egunaren harira Udalak hainbat ekintza antolatu ditu hilabetean zehar eta aurten ere bat egiten du Aretxabaletako Mugimendu Feministak egindako dialdiarekin. Manifestazioa Martxoaren 8an izango da, 18:30etan, plazatik. Herritar orori dei egiten diogu udalerrian antolatutako manifestazioan parte har dezan!