"Putasemeak", "parasitoak", "hiltzea merezi duzue" eta halako irainak entzun behar izan zituzten joan den astean gazte mailako Euskal Ligako Betoñoko jokalariek, baita epaileek ere. Betoñoren eta Aretxabaletaren arteko ligako 23. jardunaldia zegoen jokoan, eta epaileak partidu osteko aktan jasotakoak dira horiek. Zera dator aktan: "8-10 laguneko taldea zen, irainak futbol zelai osoan entzuten ziren eta Aretxabaletako zaleak ziren. Betoñoko jokalariei esan behar izan nien ez egiteko kasurik, partiduan kontzentratzeko. Halakoak ez dira inoren gustukoak". UDAko zuzendaritzakoek momentuan bertan izan zuten gertatutakoaren berri, partidua ikustera Gasteizera joandako beste zale aretxabaletar batzuek segituan pasa baitzuten abisua. Izan ere, ez da lehenengo aldia.
Klubaren kaltetan
Astelehenean bertan, UDAko zuzendaritzak neurriak hartzeko erabakia hartu zuen. "Sare sozialetan zabaldu dugun mezua izan da zale horiek ez daitezela zapatuan Ibarrara etorri, UDAko bazkide eta zaleek ez ditugu futbol zelaian nahi", adierazi dio GOIENAri Agurtzane Elkoro presidenteak. Izan ere, gazte mailako Euskal Ligako taldeak Ariznabarraren kontra jokatuko du bihar, zapatua, 16:30ean, eta presidentearen susmoa da, zoritxarrez, zigor honekin kontrako efektua lortuko dutela. "Ez dakit asmatu dugun, uste dut zale gazte horiek liskarrerako gogo handiagoz etorriko direla, baina ez dakigu zein den soluzioa. Ertzaintzarekin ere egon gara, pentsa, baina horiek liskarrak dauden arte ezin dute ezer egin. Ez dakit zein den soluzioa, baina arduratuta gaude. Eta arazoa gizarte moduan daukagu, ez da kirol talde konkretu batena".
Ez da lehenengo aldia
Halako gertaerak aurtengo denboraldian lehenago ere sufritu dituzte, eta ez Aretxabaletan bakarrik, Aloña Mendiko gazte mailako taldea "animatzera" joaten ziren zale batzuen jarreren ondorioz talde oñatiarrak ere hainbat zigor jaso ditu-eta aurten. Aretxabaletako klubak dagoeneko 550 euro ordaindu behar izan ditu isunetan zale horien liskarrengatik.