Udal alokairu programa garatzeko proposamena egin du EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2023ko mar. 2a, 12:49

Gurako lukete hamar urtetan hamabost etxebizitza erostea Udalak, "herritarren beharrei" erantzuteko.

2023ko Udal aurrekontuan 106.000 euroko partida bat sortzea adostu zuen udalbatzak, EH Bilduk aurkeztutako emendakin batetik abiatuta, etxebizitzak erosi eta alokairu programa bat garatzeko Udalak. Emandako pauso horri balioa eman gura izan diote: "Are eta balio handiagoa du denon arteko adostasunarekin eman izanak".

Egoera zein den jakiteko datu batzuk bildu dituzte eta haiek jasotakoaren arabera Aretxabaletan 170 etxebizitza inguru hutsik daude –baserri auzoetakoak kontuan hartu barik–; 160 pertsona daude Alokabiden izena emanda eta 24 etxebizitza daude programaren barruan. Gaineratu dute, errentan hartzeko etxebizitza bat lortzea "ia ezinezkoa" dela eta "oso garestiak" direla.

Etxebizitzak erosteko proposamena

Horregatik, proposatzen duena da hamar urtetan hamabost etxebizitza erostea eta alokairu publikoaren programa bat lantzea. Horretarako, "inbertsio plan bat" garatu dute: "Epe horretan, bi milioi euroko inbertsioa aurreikusten du".

Alokairu programa horren helburua zein den zehaztu dute: "Familiek, gazteek edo/eta norbanakoek dituzten beharrei erantzungo dieten etxebizitza ezberdinak edukitzea da asmoa". Eta errentaren araberako alokairua zehaztuko litzatekeela gaineratu dute.

Alokairu programarekin ez dela nahiko izango ere eman dute aditzera eta etxebizitza hutsen arazoari irtenbidea ematea ezinbestekoa izango dela. Horretarako, beste ideia batzuk badituztela diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak