Gol zaparrada Ibarran: UDAk sei gol sartu dizkio Añorgari

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko ots. 26a, 19:36

Egundoko balentria egin du Aretxabaletak etxean Añorgaren aurka. Sei gol sartu dizkio Ohorezko Erregionaleko liderra den Añorgari. Atsedenaldian, neurketa erabakita gelditu da lau eta hutsekoarekin.

Denboraldiko neurketa borobilena egin du UDAk Añorga mendean hartzeko. Sei eta huts irabazi dute aretxabaletarrek donostiarren aurka. Añorga, kategoriako liderra da eta soilik bost neurketa galdu ditu denboraldi guztian.

UDAk neurketa hasiera ezin hobea burutu du, eta lehen gola hirugarren minutuan iritsi da Unai Cebrino aretxabaletarraren eskutik. Bigarrena ere segituan iritsi da. Korner batean Haritz Diaz de Guereñuk buruz baloia langara eta aldaratzea ongi aprobetxatu du Unai Belokik bigarrena egiteko. Erasokor eta oldarkor jarraitu du etxeko taldeak eta horrela iritsi da hirugarrena, penaltiz, Iriondoren eskutik. Laugarren golaren egilea Unai Beloki izan da. Gol zaparradaren tartean, epaileak Añorgako jokalari bat kaleratu du ukondoa erabiltzeagatik.

Bigarren zatiaren hasieran, Añorga markagailuan zegoen aldea murrizten saiatu da, baina, ondo aritu da UDAko atezaina den Paul. 75. minutuan Aitor Iriondok bere bigarren gola egin du, eta partidua amaitzear zela Txinok etxekoen gol festa itxi du seigarrena eginez.

Gainontzeko emaitzak

Atzo, zapatua jokatu zuten Mondrak eta Bergarak. Arrasateko taldeak ez du esperantza galtzen, eta horren erakusle da atzoko garaipena. Hiru puntu garrantzitsu lortu zituzten etxekoek Zarautzi bi eta bat irabazita. Bergarak, aldiz, kanpoan jokatu zuen, Zumarragan. Urolari bat eta hiru irabazi zion eta sailkapeneko beheko postuetatik aldendu nahian jarraitzen du. Aloña Mendik gaur, domeka jokatu du Vasconiaren zelaian eta bi eta huts galdu dute oñatiarrek. Leintz Arizmendik, bi eta lau galdu du Tolosaren aurka Azkoagainen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak