Inon baino alaiagoa izan zen Aratuste-domeka

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko ots. 24a, 12:47

Mario Vaquerizo eta Alaska Aretxabaletako Aratusteetan egon ziren. Iturria: Imanol Soriano

Inoiz baino jendetsuagoa izan zen Aratuste-domeka Aretxabaletan. Eguraldia lagun, beste behin ere kuadrillen desfileak ikusmin handia sortu zuen herritarren artean. Udalaren eta Karnabalen Lagunen Taldearen ustez, giro "ederra" egon da.

Bizitakoa oraindik ahaztu gabe, Aretxabaletak atzean utzi ditu 2023ko Aratusteak. Kuadrillen desfilea festa izugarria izan zen, Santa Ageda neska-mutilek ez zuten hutsik egin eta egun osoan giro aparta bizi izan zen herriko kale nagusietan. Udaleko Kultura zinegotzi Ainhoa Caberoren balorazioa oso ona da: "Oso pozik gaude; izan ere, Aretxabaletako Aratusteak mundialak izan dira".

Caberoren ustez, eguna aurreikusi bezala ospatu zen. Mozorro aniztasuna, originaltasun handia eta umore ona izan ziren desfilearen hiru osagai nagusiak. Hala, honako hauek jaso zituzten sariak: Suge Xarmantak, Agrossfit, Irulegi, Alaska eta Mario Vaquerizo eta Urtebetetze Tarta. Karnabalen Lagunak Taldea ere bat dator Udalaren balorazioarekin: "Eguraldia lagun izan genuen eta giro aparta egon zen.

Aratusteetako lokalean sekula baino karroza gehiago prestatu dira". Ildo berean, 2024ko bazkari golfo-rako edukiera handitu egin gura dutela adierazi dute, inor txartelik gabe ez geratzeko. Eta datorren urteko Txapeltxin Egunerako ere berritasunak espero dira.

Aratuste-martitzenean ere ohiko jai-giroa bizi izan zen; goizean Kurtzebarri Eskolako eta Arizmendi Ikastolako haurrak dantzan aritu ziren Herriko Plazan; arratsaldean, aurtengo Santa Ageda neska-mutilek Txinen hiletarekin amaiera eman zieten aurtengo Inauteriei. 2024ko Aratusteak otsailaren 11n ospatuko dira. Gorde data, beraz, 351 egun falta dira eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak