Senegalera bidaltzeko laguntzak ez du etenik

Mirari Altube Arrese 2023ko ots. 14a, 16:37

Mbam-era iritsitako materiala deskargatzen iazko abuztuan. (Argazkia: Yaakar elkartea)

Afrikako herrialde ezaguneko Mbam eskualdean proiektu bat du abian Yaakar elkarteak; hainbat erakunderen eta herriko ikastetxeen laguntza jaso du horretarako eta datorren eguenerako Kurtzebarri BHIko ikasleek jaialditxoa antolatu dute.

Senegalgo Mbam eskualdean erditze ondorengo gela eraikitzen dabiltza azken hilabeteetan. Bergarako, Eskoriatzako eta Aretxabaletako udalek Yaakar elkarteari emandako dirulaguntzei esker dihardute lanean. "Materiala erosi ahal izan da horrekin eta lanak dagoeneko hasita daude. Une honetan erdia inguru dutela eginda esan genezake", adierazi du elkarteko presidente Amalia Ormaetxeak. Behin hori bukatutakoan, aurretik eginda duten osasun etxea osatuta geratuko da, amatasun gela ere egokitu zuten eta hor.

Osasun etxe hori eta bertako eskola hornitzeko materiala bidali zuten Yaakarko kideek iazko urri inguruan. Debagoieneko Ospitaleak, Laboral Kutxak eta hainbat ikastetxek dohaintzan emandako materiala jaso zuten, eta edukiontzi batean bidali. Oraindik, baina, badute bidalketa horrek eragindako zor txiki bat; hori ordaintzen laguntzeko, Kurtzebarri BHIko ikasleek ekitaldi bat antolatu dute datorren eguenerako, otsailaren 16rako.

Salmenta-postuak plazan

Jaialdia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen ekimena izan da eta "gogotsu" dabiltza antolatzen, Ormaetxearen esanetan: "Ilusio handia dute eta gu pozik gaude erakutsi duten interesagatik". Bertsoekin eta dantzekin osatutako ekitalditxo bat egingo dute, batetik, Lehen Hezkuntzako eraikinean, 18:00etan; eta, bestetik, salmenta eta mokadu postuak eta tonbola jarriko dituzte Herriko Plazan.

Ikastetxe guztietan izan dira proiektua aurkezten eta pozik agertu da egin dieten harrerarekin: "Lanbide Eskolan, Arizmendin eta Mondragon Unibertsitatean ere ezin hobeto hartu gaituzte; azken horiek, gainera, proiektu bat egingo dute guretako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak