Punteria faltak puntu bakarra eman dio UDAri (0-0)

Josu Bilbao Atxutegi 2023ko ots. 12a, 19:01

Aretxabaletako taldeak kolore guztietako gol aukerak izan ditu Amaika Bat taldea etxean gainditzeko, baina, azkenean, Ibarran puntu bana eraman dute bi taldeek.

Erasoan eta defentsan gauzak ondo egin arren, UDAk ezin izan ditu hiru puntuak eskuratu Amaika Bat taldearen aurka (0-0). Puntu bakarra lortuta, aretxabaletarrek sailkapeneko azkenengo postuetan jarraitzen du, 24 punturekin.

Norgehiagoka joan-etorrian hasi dute bi taldeek Ibarra futbol zelaian. Erasoan ausart, eta defentsak oso aurreratuta, aukerak azkar heldu dira berdegunera. 20. minutuan, UDAk aurrea hartzeko abagune polita izan du ezker hegaleko jokaldi azkar baten ostean, baina baloia langara bidali dute aretxabaletarrek. Debakoen erantzuna azkar heldu da, eta 25. minutuan atetik gora jaurti dute baloia hori-beltzek. 30. minutu inguruan, lehenengo zatiko aukera onena izan du Aretxabaletako taldeak, baina Josu Aizpuruak ez du asmatu atezainaren aurrean, buruz burukoan, eta Amaika Bat taldeko atezainak sekulako geldiketa egin du.

Atsedenaldia heldu aurretik Unai Calzonen mutilek 1-0ekoa lortzeko aukera bikaina izan dute estrategia jokaldi baten, baina UDAko jokalariaren burukada gutxigatik joan da kanpora.

Bigarren zatian UDA jaun eta jabe izan da Ibarran. Joko zuzena eta pase bidezko jokoa tartekatuz, Calzonen taldeak aukera ugari sortu ditu, baina punteriak huts egin die jokalariei. 62. minutuan etxeko taldeak aukera bikoitza izan du, baina Amaika Bat taldeko atezaina seguru egon da ate azpian. 73. minutuan, beste baloi bat zutoinera bidali du Aretxabaletako taldeak, eta 85. minutuan, beste abagune argi bat huts egin dute etxekoek.

Neurketako azken minutuan, luzapenean, bi taldeek gola lortzeko aukera bana izan dute, biak oso-oso argiak, baina neurketa 0-0ekoarekin bukatu da markagailuan.

 

Porrota eta lesio larria Mondrak

Mojategin Ohorezko Mailako bigarren sailkatua hartu zuen zapatuan Mondrak, eta zuri-moreek beste porrot mingarri bat jaso zuten euren zaleen aurrean. Arrasateko taldeak sailkapeneko azkeneko postuan jarraitzen du 11 punturekin. 0-2 gailendu ziren armaginak, baina partidako albiste txarra lesio gogor batekin heldu zen. Izan ere, Iñigo Arizmendiarrietak orkatilan lesio latza egin zuen lehenengo zatian, eta esku-ohean eraman behar izan zuten anbulantziara, eta handik ospitalera.

 

Bergarak eta Aloña Mendik puntu bana

Mahoneroek puntu oso baliotsua lortu zuten liderraren etxean (2-2), eta sailkapenean beheko aldean jarraitu arren 23 punturekin, balentria polita lortu zuten liderrari bi gol sartuta.

Oñatiko taldeak ere puntu bakarra eskuratu zuen etxetik kanpora, Urolaren aurka. 0-0ekoarekin bukatu zen neurketa hain zuzen. Aloña Mendi 25 punturekin, 12. dago Ohorezko Mailako sailkapenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak