Garikoitz Iturbe izango da Aretxabaletako EH Bilduren alkategaia maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan, alderdiak jakinarazi duenez. Haren arabera, hainbat eragileren eta ekintzen parte izan da herrian. "Beti izan du sinesten duen horretan eragiteko gogoa eta hala egin du, umiltasunez, momentu bakoitzean energiaren arabera konpromiso maila ezberdinarekin parte hartuz".
Hala, Aretxabaletako EH Bilduk jakinarazi du berak zein zinegotzi izateko konpromisoa hartu duten gainontzekoek "erronkatzat" dutela "herrian lan egiteko beste modu bat irudikatzea", herrigintzan aritzea ardatzat hartuta. "Horrenbestez, arduraz eta gogotsu ekingo diogu etapa berri honi".
Nabarmendu baitute egunerokotasunean "kalean" dauden herritar taldea direla, eta hortik ekiteko "asmoa eta gogoa" dutela. "Gertutasunetik herritarrak entzun, protagonista egin eta elkarrekin bidea egiten ahaleginduko gara, herritik, herriarekin eta herriarentzat".
Iturberen ibilbidea
Herriko alkate izateko hautagaiari dagokionez, delineatzailea eta ingeniari teknikoa da formazioz, enpresa ugaritan lan egindakoa, baina gaur egun lanbide heziketako irakaslea eta metodologia berrien arduraduna da Aretxabaletako Lanbide Heziketan. Are gehiago, hainbat urtetan izan da Txatxilipurdi elkarteko kide ere.