Gurasoei bideratutako hiru hitzaldi antolatu ditu Udaleko Hezkuntza Sailak datozen asteetarako, Aldundiko Gazteria Zerbitzuak sustatutako Treba Gurasoak ekimenaren baitan. Haien hezkuntza-lana errazteko ezagutzak eta tresnak eskaintzea da asmoa. Hala, landuko diren gaien artean daude familiako arauak eta mugak, bullying-a prebenitzeko ingurune seguruak sortzea, eta autoestimua.
Lehenengo hitzaldia otsailaren 7an izango da, martitzena: Arauak eta mugak. Nola ezarri era asertibo batean. Heziketa fisikoa eta psikopedagogiako ikasketak dituen Leyre Cano adituak gidatuko du eta familian harreman orekatua, osasungarria eta onuragarria izateko zer behar den azalduko die gurasoei, horretarako arauak eta mugak nola jarri landuta.
Bigarren hitzaldia hilabete barru izango da, martxoaren 7an: Bullying-egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu. Ortzadar enpresako Izaskun Lopez de Torre izango da gidaria eta jazarpen-egoerak antzeman eta identifikatzeko ezagutzak eta oinarrizko informazioa emango du.
Hirugarrena, autoestimuaren gainekoa, maiatzaren 4an egingo dute, Nerea Mendizabal psikopedagogo eta komunikazio ez-bortitzeko adituak bideratuta. Seme-alabengan jartzen den begirada haien auto irudirako elikadura osasungarria izan daitekeela azalduko du besteak bete.
Saio guztiak euskaraz izango dira, 18:00etatik 19:30era, Arkupen.