Santa Ageda neska-mutilak bihar, egubakoitza, hasiko dira kantuan eta eskean

Mirari Altube Arrese 2023ko ots. 2a, 11:45
2004an jaiotako hainbat neska-mutil joan den egubakoitzean, dantza entsegua hasi aurretik.

Zapatuan bada ere Santa Ageda bezpera, 2004an jaiotako neska-mutilak bihar, egubakoitza, hasiko dira koplak abesten, itxita egongo direlako ikastetxeak eta enpresak etzi; baserrietara ohi legez joango dira eta domekan lehen dantza saioa egingo dute.

Santa Ageda koplak kantuan hasteko "gertu" daude 75 bat kinto. Bihartik jardungo dute horretan, ikastetxeetara eta enpresatara joan ahal izateko: "Otsailaren 4an joan beharko genuke, baina aste bukaera izanik itxita egongo dira eta bisitak aurreratzea erabaki dugu. Jakinarazi ere egin diegu ikastetxeei; hortaz, gure zain izango direla uste dugu". 

Domekan lehen dantza

Ohiturari eutsiz, bihar, auzorik auzo eta baserririk baserri ibiliko dira, goizean goiz irtenda, eta domekan kaleetan topatuko dituzte herritarrek kantuan. Aurtengo lehen dantza saioa ere orduantxe egingo dute, 19:00etan, Herriko Plazan; gero, beste bi domekatan errepikatuko dute. Azkena, otsailaren 19an, Aratuste-domekan. 

Asteburuko ospakizunari hasiera emateko "gogotsu" daude gazteak, jakinik, gainera, eguraldi polita izango dutela lagun. Baina "urduri" ere badaude zenbait; bereziki, dantza saioari begira, badakite eta plaza bete egingo dela. Hainbat entsegu egin dituzte urtarrilean; eta azkena, entsegu orokorra txistulariekin batera, gaur iluntzean egingo dute.

Abesbatza eta Basotxo, bihar

Aretxabaleta Abesbatzako eta Leizarra musika eskolako abesbatzak ere kantuan ibiliko dira bihar, zapatua. 18:30 bueltan zaharren egoitzara joango dira eta gero kalerik kale jardungo dute koplak gogora ekarriz.

Basotxo erretiratuen elkarteko abestaldeak ere egingo du kantuan bihar: 19:00etan irtengo dira eta kale bazterrak alaitzeko asmoa dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak