Kepa Junkeraren gaineko dokumentala eta Iker Piris bluesmanaren kontzertua otsailean

Mirari Altube Arrese 2023ko urt. 31a, 12:13
Iker Piris tolosarra. (Argazkia: ikerpiris.com)

Filmak, ipuinak, antzezlana eta musika izango dira otsailean Arkupen. Nabarmentzekoen artean daude Kepa Junkera Berpiztu dokumentalaren emanaldia otsailaren 9an eta Iker Piris bluesmanaren kontzertua otsailaren 23an, Nirek Mokar gazte paristarrarekin batera.

Fermin Aioak zuzendutako Kepa Junkera Berpiztu dokumentalak trikitilari bilbotarraren ibilbide musikala jasotzen du, baita 2018ko abenduan iktusa jasan ondoren bere ibilbide oparoaren etena ere. Hilaren 9an (19:00) emango den ikus-entzunezko hori izango da otsaileko kultur egitarauaren "plater nagusia" Kultura Sailetik adierazi dutenez.

Horrez gain zine komertziala ere egongo da; helduentzako Living (otsailaren 3tik 6ra), Babylon (10, 12 eta 13an) eta Operación fortune: El gran engaño (24tik 27ra) filmak emango dira. Umeendako, ostera, honako hauek: El gato con botas: El último deseo (otsailak 4 eta 5), Hopper Oilaskoerbia (otsailaren 12an), eta Rabbit academy: Pazko arrautzen lapurreta handia (25 eta 26).

Antzerkiari dagokionez, Ortzai konpainia gasteiztarrak La Cenicienta ikuskizuna eskainiko du otsailaren 17an (19:00); Disneyren ipuin klasikoaren parodia da eta adin guztietarako egokia.

Ipuin kontaketa

Udal liburutegiak, bestalde, Onintze Goitiz narratzaile bilbotarra gonbidatu du umeendako ipuinak kontatzera; otsailaren 15ean, eguaztenean, izango da liburutegiko Txiki Txokoan (18:00). Izena aldez aurretik eman behar da eta horretarako epea otsailaren 2tik 14ra egongo da zabalik.

Blues doinuak

Musikak ere izango du lekua Zaraia aretoan. Iker Piris bluesman tolosarra etorriko da hilaren 23an (19:00) boogie-woogie doinuetaan aditua den Nirek Mokar gazte paristarra lagun hartuta.

Marta Larrañagaren erakusketa

Erakusketa aretoan Marta Larrañaga Azaldegi Donostiako artista plastikoaren lanak izango dira. Arte Ederretan lizentziatua da Larrañaga, pintura espezialitatean, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak