Lagun Onak taldeari hiru gol sartuta, garaipen garrantzitsua UDArentzat

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urt. 29a, 19:28

UDAk Lagun Onak talde azpeitiarraren aurka izan du neurketa, etxean, Ibarra futbol zelaian. Hiru puntuak lortzeko beharra izanda, helburua lortu dute aretxabaletarrek, izan ere, 3-0 irabazi dute partidua.

Partidua hasi bezain pronto iritsi da etxekoen gola; Txinok bigarren zutoinera egindako erdiraketa baten bitartez, Unai Belokik lehen gola sartu du, eta markagailuan aurretik jarri eta hala iritsi dira Unai Calzonen mutilak atsedenaldira, 1-0.

Bigarren zatian, berriz, bi taldeak irten dira berdegunera garaipen gosez, baina neurketako bigarren gola, 83. minutua iritsi da. Irik jarritako erdiraketa bat Lagun Onak taldeko atzelariak bere atean sartu du. Horrela, 2-0 jarri da markagailua, etxekoen alde. Hortik minutu gutxira, 88.ean, area kanpotik lehen ukituan egindako jaurtiketa sareetara bidali du Mikel Ezeizak; 3-0.

Bolada onari eutsi beharrean

"Partidu zaila genuekan aurretik, eta egia esan, oso borrokatua, oso landua, eta zaila. Azken jardunaldietan emaitza onak izaten ari gara, eta, bolada on honi eutsi behar diogu", adierazi du partiduaren amaieran Unai Calzon entrenatzaileak.

Aloña Mendik galdu

Oñatiko Aloña Mendi taldeak Hernaniren aurka jokatu du ligako hemeretzigarren jardunaldia. Etxetik kanpora, kasu honetan ere puntu beharrean, baina, ezin izan dira garaipenarekin etxera bueltatu. 4-0 galdu dute, eta beraz, sailkapenean, hamabosgarren postuan jartzen dira.

Gol festa Lesakan

Emakumezkoen ohorezko erregional mailan Urolaren zelaian 3-0 galdu du Bergarak, eta atzealdean jarraitzen dute bergararrek. Lesakan, berriz, Beti Gazteren eta Leintz Arizmendiren partiduan gol festa izan da, 5-6 irabazi dute debagoiendarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak