UDAren familiara batu da bola-joko taldea

Mirari Altube Arrese 2023ko urt. 30a, 10:30
Bola-taldea urtarrilean egindako entrenamendu saio baten aurretik.

Federatuta dauden hamabi bat lagunek osatzen dute eta hori indartu nahian dihardute lanean; aurtengo lehen txapelketa Aratuste-zapaturako antolatu dute eta ordurako entrenatu gura duenak eguen iluntzetan du aukera, bolatokian.

Bola-jokorako zaletasuna berreskuratu nahian taldea sortu zuten orain dela lau urte. Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketa barruan sartu zen eta ordutik txapelketa asko antolatu dituzte. Orain beste bultzada bat jaso du, Aretxabaleta kirol elkartearen babesera batuta. "Estatutuak egitea geratzen da, baina formalizatzeko era besterik ez da. Pozik gaude, kirola egiteko beste aukera bat eskainiko dugulako", adierazi du Agurtzane Elkorok, UDAko presidenteak. Taldearen arduradun Kepa Urra ere gustura agertu da: "Ez dugu aparteko aldaketarik igarriko guk; nahiko genukeena da jende gehiago arrimatzea".

Hamabi laguneko taldea

Taldea osatzen dute federatutako hamabi bat lagunek. "Haiez gain, gure inguruan beste hainbat ibiltzen dira laguntzen", dio Urrak. Azken urtean bi fitxaketa egin dituzte, gazteak biak: Xabier Etxeberria eta Jon Andoni Jaka. "Oso gustura" dabiltza biak ala biak eta, taldekideek adierazi dutenez, itxura polita erakutsi dute txapelketetan. Bola bat erosi dute, ondo prestatzeko gogoz, eta ilusio handiarekin dihardute lanean.

Txapelketak gertatzeko entrenamendu-saioek "berebiziko garrantzia" dutela esatean bat datoz guztiak: "Boloa erabili egin behar da esku artean, bestela kosta egiten da puntua hartzea". Horregatik, eguenetan hasi dira elkartzen bolatokian, 18:30 bueltan. "Saio irekiak izaten dira eta giro polita izaten dugu; hortaz, etorri beldur barik".

Aratusteetan lehen txapelketa

Beste bultzada bat eman gura diote jokoari herrian eta aldaketaren bat edo beste egitea erabaki dute. "Eguerdietan jokatu izan ditugu txapelketak, eta, probatze aldera, aurten zapatu gauetan egingo ditugu; ea herritar gehiago animatzen den", aditzera eman du Urrak.

Aurtengo egitaraua dagoeneko zehaztuta daukate; otsailaren 18an ekingo diete txapelketei, Aratuste-zapatuan, hain zuzen ere, eta ondoren, hilabete guztietan izango dira tiraldiak. Gipuzkoako Liga, ostera, martxoaren 11n hasiko da, Eibarren, eta Aretxabaletara maiatzaren 13an iritsiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak