Salatu dute pediatra zerbitzurik ez dagoela Aretxabaletan

Mirari Altube Arrese 2023ko urt. 20a, 13:26

Aretxabaletako osasun etxea.

EH Bilduk adierazi du hainbat herritarren kexa jaso duela eta hala dela "egiaztatu" ahal izan duela. Debagoieneko ESItik azaldu dute otsailaren 1ean "egoera aldatzea" espero dutela pediatra bat kontratatuta.

Azken asteetan Aretxabaletan pediatra zerbitzurik ez dagoela aditzera eman du EH Bilduk. Hala jaso dute hainbat herritarren aldetik, baita egiaztatu ere: "Egia dela ziurtatu dugu eta egoera horrek hainbat hilabete iraungo du", eman dute aditzera prentsa-ohar bidez, eta gaineratu: "Egoera horrek irauten duen bitartean badirudi kontsulta guztiak Eskoriatzara bideratuko direla".

Diote Aretxabaleta eta Eskoriatza artean 1.400 biztanle daudela zerbitzu hori jasotzeko adinean: "Jakinekoa da adin horretan Osakidetzako zerbitzuen erabilera oso handia dela. Horregatik, zaila dirudi bideragarria izatea; baldintza horiekin, behintzat".

Egoera "argitzea"

"Datu gehiago" lortzeko eta egoera "hori ahalik eta azkarren konpontzeko" bi ekimen jarri ditu abian EH Bilduk: batetik, Osasun Sailburuari bideratutako galdera bat erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean, "egoera argitzeko"; eta bestetik, Aretxabaletako alkateari eskatu diote Debagoieneko ESIko arduradunekin "egin beharreko kudeaketak egin ditzala lehenbailehen konpontzeko". Ildo beretik eskatu dute adingabeek behar duten osasun arreta eta jarraipena jasotzeko "kalitatezko pediatria zerbitzua" bermatzeko.

Otsailaren 1a arte

Debagoieneko ESIren ardurapekoa da Aretxabaletako osasun etxean ematen den zerbitzu hori eta han baieztatu dute urtarrilaren 11tik falta dela pediatra. Gaineratu dute ospitaleko medikuen laguntzarekin diharduela lanean Eskoriatzakoak. Egoera hori otsailaren 1ean aldatzea espero dutela adierazi dute, pediatra bat kontratatuko delako ordurako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak