Autoestimuaren bueltan landutakoa borobiltzera

Mirari Altube Arrese 2023ko urt. 19a, 18:14

Ekko prebentzio proiektuaren baitako Inklusioa/ilusioa egitarauari iazko azaroan eman zioten hasiera eta datorren astean hainbat saio egingo dituzte Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleekin eta gurasoekin.

Eskola, Komunitatea, Kirola, Osasuna (EKKO) proiektuaren baitan eta Inklusioa/ilusioa egitarauaren barruan, haurrekin eta gurasoekin trebetasun sozialak lantzeko lehen hitzorduak zehaztu dituzte. Autoestimuaren gaineko unitatea landu dute azken asteetan Eskoriatzako eta Aretxabaletako ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetan dauden neska-mutikoek, eta orain, egindako lanaren nondik norakoak azalduko dizkiete gurasoei.

Lanketaren deskargua

Bost modulu landuko dituzte gaztetxoek ikasturtean zehar, EKKO dinamizatzaileek gidatuta: autoestimua, gatazken kudeaketa, komunikazioa, harremanak eta erabakiak hartzea. Modulu bakoitzeko lau saio egingo dira ikastetxean, eta, behin bukatutakoan, ordubete inguruko beste saio bat egingo dute ikasle horiek gurasoekin batera. Hala, autoestimuaren bueltako lanketa bukatu da eta deskargua datorren astean egingo dute, Maider Etxaniz Udaleko Gazteria zerbitzuko teknikariak adierazi duenez: "Errepaso bat da, zer landu den jakin dezaten; ariketa batzuk ere egingo dituzte haien artean". Parte-hartzea bermatze aldera eta samurtasunak emateko asmoarekin egutegi eta ordutegi aukera zabala zehaztu dute astelehenetik egubakoitzera bitartean, eta hortik saio bakarra aukeratu beharko da. Eskoriatzan, Ibarraundi museoan elkartuko dira eta Aretxabaletan, Ibarra kiroldegian. Hona hemen egunak:

Urtarrilak 23

  • • 18:00 Aretxabaleta, eusk.
  • • 18:30 Eskoriatza, eusk.

Urtarrilak 24

  • • 18:00 Eskoriatza, eusk.
  • • 19:00 Aretxabaleta, gazt.

Urtarrilak 25

  • • 18:30 Eskoriatza, gazt.
  • • 19:00 Aretxabaleta, eusk.

Urtarrilak 26

  • • 17:30 Eskoriatza, eusk.

Urtarrilak 27

  • • 17:30 Aretxabaleta, eusk.

Jolasak hilaren 28an

Urtarrilaren 28an, zapatuan, ostera, kirol jarduerak izango dituzte Ibarra kiroldegian. Jolasak eta trebetasun sozialak uztartuko dituzte orduan, hainbat dinamikaren bitartez: "Hainbat jolas eskainiko dizkiete: petanka, lokotx batzea... Bizitza aktiboa sustatzeko jarduerak izango dira guztiak. Eta, gainera, trebetasun sozialak lantzeko ariketak ere egingo dira". Jarduera horretara ere "ezinbestekoa" izango da guraso batek lagun eginda joatea haurra.

Adinaren arabera banatutako bi txanda izango dira: bosgarren mailakoak 10:30etik 12:00etara eta seigarren mailakoak, 12:15etik 13:45era. Aipatutako saioetarako eta kirol jolasetarako aldez aurretik eman behar da izena, honako formulario hau beteta: https://labur.eus/ilusioa_eta_inklusioa.

Egindakoarekin "gustura"

San Juan de Dios ospitaleak, UDAk eta Eskoriatzako eta Aretxabaletako udalek eta ikastetxeek egin dute bat EKKO proiektuan eta azarotik dago abian Inklusioa/ilusioa egitaraua. Solasaldien bidez askotariko gaiak landu dituzte, eta, balorazio ofizialik egin ez badute ere, Etxaniz "gustura" dago: "Landu gabeko gaiak izan ditugu mahai gainean punta-puntako solaskideekin. Ikastetxeetako ordezkariak eta gurasoak elkartzea ere sekulakoa da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak