Aratusteetako bi herri bazkarietarako txartelak hilaren 28tik salgai

Mirari Altube Arrese 2023ko urt. 17a, 12:36

Urtarrilaren 28an, zapatua, jarriko dituzte salgai Aratuste-domekan egingo diren bi herri bazkaritarako txartelak. Udalak antolatutakoa kiroldegian izango da ohi legez, eta txartelak Arkupen salduko dituzte, 10:00etan hasita. Bazkari golfua, ostera, Karnabalen Lagunek antolatu dute eta pilotalekuan izango da; txartelak Kixkor eta Urbaltz tabernetan izango dituzte.

Ibarra kiroldegiko bazkarirako, 600 txartel aterako ditu Udalak. Taldeko edo kuadrillako kide guztien izen-abizenak eman beharko dira txartelak hartzerakoan, baita taldeko arduradun baten telefono zenbakia ere. Bazkarirako txartelak kreditu-txartelarekin ordaindu beharko direla ere jakinarazi dute Udaletik.

Helduen menuak 22 euroko prezioa du, eta honako hau izango da: patatak errioxar erara, saiheski errea panadera patatekin, txokolatezko brownie-a banilla izozkiarekin, ogia eta edariak. Haurrek –14 urtera arte–, ostera, 14 euro ordainduko dute: makarroiak tomate eta gaztarekin, txahal hanburgesak saltsan patatekin, txokolate pasteltxoak, ogia eta freskagarriak.

Golfua pilotalekuan

Karnabalen Lagunak antolatutako –Udalak lagunduta– bazkari golfua-ren prezioa da 20 euro eta menua honakoa: entsalada mistoa, baserriko oilaskoa eta txerri saiheskia parrilan, postrea, ogia, kafea eta edariak. Aukera begano eta zeliakoa ere egongo da. Kasu honetan ere kuadrillaka eman beharko da izena eta hori egiterakoan abesti bat proposatzeko eskatuko zaie. 400 txartel izango dira eskuragai.

Lokala prest

Mozorroak eta karrozak gertatzeko lokala utziko du Udalak aurten ere; azken urteetan legez, Basabe industrialdean –Basabe jatetxearen atzeko partean–. Eta dagoeneko zabalik dago eskaerak egiteko epea; Arkupera joan behar da horretarako.

Lokalaren erabilera arauak ere zehaztu dituzte eta horiek gogoraraziko dizkiete giltza bila doazenei. Hona hemen arau horiek:

  • 1. Talde bakoitzak arduradun bat izango du; harena izango da taldeko kideek egiten dutenaren erantzukizuna.
  • 2. Izena ematerakoan 50 euroko fidantza ipiniko du talde bakoitzak, eta lokala jaso ondoren giltzak bueltatzerakoan itzuliko zaio.
  • 3. Arduradunari giltza bat emango zaio; guztiz debekatuta dago kopiak ateratzea. Aurretik bere datuak utziko ditu –NAN edo ENAren kopia eta telefonoa zenbakia– eta dokumentua sinatuko du.
  • 4. Talde bakoitzak bere tresnak eta materiala eramango ditu. Beste talde batzuetako materiala erabiltzeko, derrigorrezkoa da haien baimena izatea.
  • 5. Adin txikikoen ardura heldu baten gain egongo da; beraz, lokala erabiltzen hasi aurretik beren datuak eta telefonoa emango du dokumentu bat sinatuz. Honetaz gain, beraien gurasoak jakinaren gainean jarriko dituzte.
  • 6. Adin txikikoak lokalean dauden bitartean arduradun horrek han egon beharko du.
  • 7. Eguna amaitzen denean talde bakoitzak bere ingurua garbi eta ordenan utziko du. Lokaletik azkena irteten denak argia itzali eta atea itxiko du.
  • 8. Lokala itxi egingo da 21:00etan; gauez ezingo da erabili.
  • 9. Otsailaren 28a baino lehen dena jasota utziko da eta egun horretan giltzak bueltatuko dira Arkupe kultur etxean.
  • 10. Lokalean istripuren bat egongo balitz kaltetua izango da arduraduna.
  • 11. Margotzeko, derrigorrezkoa da zorua eta hormak ondo babestea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak