Kiroldegiko berdeguneko proiektua, eskatuta

Mirari Altube Arrese 2023ko urt. 14a, 09:30

Kiroldegiaren aurrealdean dagoen berdegunea.

Lur Paisajistak enpresak diseinatuko du parte-hartze prozesuan herritarren boto gehien jaso zituen proposamena eta ekainerako prest izango dute lana; parkearen eremua, ur-txorrotak eta kalisteniako aparatuak jarriko dituzte lehen fasean.

Ibarra kiroldegiaren aurrealdean dagoen berdegunearen diseinua egiteko ardura Lur Paisajistak enpresari eman dio Udalak. Joan den ekainean egindako parte-hartze prozesuan herritarren boto gehien jaso zituen aukeran oinarritu beharko du horrek. 14.800 eurotan –gehi BEZa– esleitu da lana eta ekainaren hasierarako gertu izatea aurreikusi dute.

Zelaia eta ingurua

Berdegune horretan zer egin erabakitzeko hiru aukeraren artean hautatu zuten herritarrek eta proposamen bozkatuenean honako hau zehazten zen –emandako 1.397 botoen %50,5 jasota–: zuhaitz eta mahaiekin osatutako lasai egoteko gunea, ur-jolasendako eremua eta kirol ekipamendu txikiak: kalistenia, ping-pong mahaia eta mahai-jokoak.

Aukera horretan, Markole auzoaren ingurua oinezkoendako egokitzea da asmoa, eta, horretarako, Aretz tabernaren eta zazpiko futbol zelaiaren arteko aparkalekuak kendu egingo dituzte. Gainera, kalea berrantolatzea dago aurreikusita; hala, Araba ibilbidetik Markole auzora doan bidea itxi egingo litzateke ibilgailuentzat. Oinezkoek lasai ibiltzeko espazioa irabaziko lukete horrela eta padelerako edo beste kirol modalitate batzuetarako ekipamendu estaliak jartzeko aukera izango litzateke Ibarra futbol zelaiaren alboan.

Herritarren aldetik boto gehien jaso zituen proposamena.

Bi fasetan banatuta

Herritarren gustukoena izan zen proposamen hori bi fasetan garatuko dute: lehenengoa zelaian bertan kokatuko da eta enpresaren lana izango da zuhaitzez eta mahaiz hornitutako parkea, ur-txorrotak eta kalistenia praktikatzeko aparatuak nola jarri diseinatzea; hain zuzen ere, urbanizazio-proiektuak zehaztuko du espazioen banaketa baita obrak egiteko aurreikusitako epeak ere. Iñigo Segurola Arregi du buru Lur Paisajistak enpresak eta ia 30 urteko eskarmentua dauka halako lanetan.

Bigarren fasea, ostera, epe luzerako asmoa da eta hor sartuko dira ingurua oinezkoentzat egokitzea eta estalitako kantxak eraikitzea.

Prozesua "herritarrekin batera"

Unai Elkoro alkateak nabarmendu du "herritarrei ahotsa emanda" egin dela prozesua: "Helburua izan zen aretxabaletarrekin batera diseinatzea berdegune hau; beraz, bozketan hartutako erabakia errespetatu egin behar da". Hala, agintaldia amaitzerako proiektuaren lehen fasea idatzita utzi gura izan du: "Gero, hurrengo udalbatzari dagokio obra gauzatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak