Gabon kontuak izan dira nagusi azken asteotan; bereziki, umeei eskainitako ekitaldiak. Hala, jolas parkea izango dute gaur eta bihar, eta eguenean, Errege Magoen desfilearekin agurtuko dituzte herritarrek neguko jairik garrantzitsuenak. Ibarra kiroldegitik irtengo dira haiek, Leizarra musika eskolako bandak lagun eginda (18:30).
Zinema, bihar hasita
Behin Gabonak bukatuta, kultura ekitaldiak itzuliko dira Arkupera. Armageddon time filmarekin ekingo diote urte berriko zinemari; egubakoitzean (22:00), zapatuan eta domekan (19:30) eta astelehenean (16:00) izango dira emanaldiak. Umeek, ostera, Izurde mutikoa izango dute zapatuan eta domekan (17:00), euskaraz. Emango dituzten gainerako filmak honako hauek dira: La mujer rey eta I wanna dance with somebody helduendako; eta Lilo, mi amigo el cocodrilo eta Nire zirkua, umeendako.
Zinemaz gain, Maider Galarza ipuin kontalariaren saioa izango dute neska-mutikoek liburutegian, hilaren 18an. Izena emateko epea dagoeneko zabaldu dute liburutegian bertan.
Hika Teatroak, ostera, Toto izeneko antzezlanean izen bereko txakurraren istorioa eskainiko du urtarrilaren 22an; Kepa Errasti da protagonista, Agurtzane Intxaurragarekin batera. Eta Arrasateko Erromintxelak taldeak swing eta gipsy doinuak ekarriko ditu hilaren 29an.
Angela Redondoren akuarelak
Erakusketa aretoan, bestetik, Angela Redondoren akuarelak daude ikusgai, eguenetik.