Kurtzebarri tontorretik aldarrikatu dute "Gari Atxabaltara"

Mirari Altube Arrese 2022ko abe. 31a, 12:17

Azken urteetako ohiturari jarraituz abenduaren 31n Kurtzebarri tontorrea jo dute hainbat herritarrek presoen aldeko aldarrikapenak haizeratzeko handik. Zaballan dagoen Garikoitz Garcia aretxabaletarra izan dute gogoan bereziki, eta urtarrilaren 7an Bilbora joateko gonbida ere egin dute.

"Guztien lanari esker" presoak gertuago daudela adierazi dute Saretik: "Gertuago eta 2. graduan daude, eta hau balioan jartzeko unea da". Dena dela, oraindik bide luzea dagoela egiteko gogorarazi dute: "Inork ez dezala pentsa bide hau hemen amaitzen denik, oraindik bide luze bat dugu egiteko, asko baitira, legeak dion baldintza guztiak beteta, baimenik jasotzen ari ez direnak adibidez, edo/eta 3. graduan 110 presok egon beharko lukete, eta soilik 33 daude… Etxeratze bidean jada, traba hauek nabariak dira. Kartzelako zuzendaritzen txostenen eta Eusko Jaurlaritzaren erabakien gainetik, Madrilgo oldarraldiak oztopo dira bide horretan".

Bederatzi gradu erregresio izan direla ere jakinarazi dute: "Eta hori, salbuespen neurriak bertan bera geratzeko bidean, izugarrizko atzera pausoa da". Eta Garikoitz Garciaren berri ere eman dute: "Gure bizilaguna den Garikoitz Garcia 13 urte darama espetxean, azkeneko 2ak Zaballan baina nahiz eta baldintza guztiak bete denbora horretan ez du inolako gradu progresiorik eduki bere eskubideak urratuz".

Horiek guztiak salatzeko joan dira urteko azken egunean Kurtzebarri mendira, eta iluntzean, 19:00etan, Herriko Plazan elkartuko dira kantuan egiteko Kantu Poteoko kideen laguntzarekin.

Urtarrilaren 7an Bilbora

Etxera bidea gertu leloarekin urtarrilaren 7an Bilbora joateko gonbidapena ere egin dute. Autobusa jarri dute horretarako, eta txartelak dagoeneko salgai daude Gurea eta Urbaltz tabernetan, 10 eurotan; azken eguna urtarrilaren 4a da. Autobusak Azbeko geltokitik irtengo du, 15:15ean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak