Gipuzkoako eskuz banakako finala jokatuko du Aritz Zugastik egubakoitzean

Mirari Altube Arrese 2022ko abe. 27a, 20:23

Aritz Zugasti Iturrigorri pilotalekuan.

Ezker hormako kluben arteko Gipuzkoako txapelketaren baitan eskuz banakako hiru final jokatuko dira abenduaren 30ean, Iturrigorri pilotalekuan (19:00). Lehenengo partiduan etxeko  pilotari bat izango da nor baino nor gehiago jardungo duena: Aritz Zugasti eskoriatzarra. Aurrean, Ataungo klubeko Arroita izango du.

Juan Mari Errasti entrenatzailea pozik agertu da Zugastik egin duen txapelketarekin: "Ligaxka fasea ondo hasi zuen eta lehen partiduak irabazi egin zituen. Azkena, baina, benetan partidu txarra jokatu zuen eta galdu". Horregatik, hurrengo fasera sailkatzeko itxaropenik izan ez arren bi pilotarik egin zuten aurrera: Lazkaoko Etxegaraik eta Zugastik. Bigarren fase honetan partidu guztiak irabazi egin ditu, nahiz eta etxetik kanpo jokatu: 12 eta 22 Hernaniren aurka; 19 eta 22 Oiartzunen aurka; eta 13 eta 22, Zestoan.

"Azken partiduak benetan politak egin ditu eta finalerako gogotsu gaude guztiok", gaineratu du Errastik. Arroita izango du aurkari, Arrigorriagakoa izanik Ataungo klubean diharduena, eta entrenatzaileak ezagutzen du hori: "Aurkari gogorra izango da zalantza barik; ia Zugastik bolada onari eusten dion".

Kanpoko partiduak irabazita dator UDAko pilotaria, eta etxekoa, garrantzitsuena, ere irabazi egin gurako luke. Horretarako, zaleen berotasuna eskatu dute, harmailak bete daitezen eta giro polita izan dadin pilotalekuan.

Langilea eta burugogorra

Errastik umetatik ezagutzen du Zugasti eta hark egindako ibilbidearekin "harro" agertu da: "Gogoan dut ez zela aparteko pilotaria, hura baino hobeak asko zeudela alebina zenean, esaterako. Baina sekula ez du etsi eta ordu asko eta asko sartu ditu pilotalekuan. Oso langilea da eta burugogorra; horregatik, orain, emaitzak datoz".

Beste bi final

Eskuz banakako beste bi final ere jokatuko dira egubakoitzean, Iturrigorrin. Gazteen lehenengo mailari dagokionez Azkoitiko Etxanizek Tolosako Iraeta izango du aurrean; eta nagusien lehenengo mailan, Tolosako Amianok Soraluzeko Balerdi.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak