Ohiko ekitaldiak bueltan Gabonak girotzeko

Mirari Altube Arrese 2022ko abe. 23a, 10:12

Mari Domingi ume bat agurtzen plazan.

Mari Domingik eta Olentzerok abenduaren 24 eguerdian umeei harrera egiteko ohitura berreskuratuko dute, iluntzeko kalejira baztertu barik; kultura ekitaldiek ere ez dute hutsik egingo eta musika emanaldiak, antzezlana eta bertso-saioa izango dira.

Inolako mugarik eta murrizketarik gabeko Gabonak ospatzeko gertu agertu dira Udaleko ordezkariak eta Kultura Sailetik antolatutako egitarauak hori erakusten du. Umeek lasai eman ahal izango dizkiete muxuak eta gutunak Gabonetako pertsonaiei.

Gabon kantuan

Gabon egunak goizean jarriko ditu martxan hainbat herritar. Lekaixoka bertso eskolako kideak 08:03ean elkartuko dira gosaltzeko, eta, ondoren, 09:15ean, Urkulun ekingo diote bertso-birari. Areantza, Aozaratza, Goroeta eta Larrino auzoetako baserrietan kantuan eta bertsotan jardungo dute. Herriko umeak eta Basotxoko erretiratuak ere ibiliko dira Gabon kantuan, baina haiek kalerik kale, 10:30ean hasita. Eta eguerdian, 12:00etan, Mari Domingik eta Olentzerok harrera egingo diete neska-mutikoei Herriko Plazan. Iluntzean itzuliko dira haiek: 18:30ean abiatuko dira, kiroldegitik, txistulariek lagun eginda.

Abenduaren 31n Bizarzuriren bisita jasoko dute neska-mutikoek eta urtarrilaren 5ean Errege Magoena; haiek guztiak ere 18:30ean irtengo dira kiroldegitik eta Herriko Plazarainoko ibilbidea egingo dute.

Kultura ekitaldiak

Kultura ekitaldiei ere egingo diete lekua egunotan. Astelehenean, Txalo Produkzioak taldeak Kottauak antzezlana eskainiko du (19:00), Ane Gabarain eta Mikel Laskurain protagonista dituela, eta martitzenean, Leuneko seikoteak Gabon kantekin girotuko ditu kale-bazterrak (19:00). Eguaztenean, hilaren 28an, Ispirit talde donostiarrak gospel eta soul doinuekin beteko du Arkupe (19:00), eta eguenean, bertso-saioa eskainiko dute honako bertsolari hauek: Uxue Alberdi, Ane Labaka, Andoni Egaña eta Igor Elortza. Egubakoitzean, ostera, Aretxabaleta Abesbatzak, kantu ikasleek eta Leizarra musika eskolako gaztetxoen abesbatzak emanaldia egingo dute parrokian (19:00). Arkupeko ekitaldietarako sarrerak dagoeneko salgai daude online zein leihatilan.

Gaztelekuak antolatutakoak

Atxagazte gaztelekuak ere ekitaldi sorta antolatu du nerabeendako. Datorren astean hasita, hauek izango dituzte: krema tailerra, Bedoñara irteera, Gazte Txef, Salting Iruñara txangoa, bingo musikatua eta zinema. Irteeretarako izena eman behar da eta gainerakoetarako ere ematea gomendatu dute –gaztelekuan, telefonoz: 688 84 38 15 edo Instagram bidez: @atxagazte–.

Gabonetako jolasparkea

Urtarrilean ere izango dute ekitaldirik neska-mutikoek: 3an eta 4an, hain zuzen ere Gabonetako jolasparkea egokituko dute Ibarra kiroldegian. Puzgarriak, eskulanen txokoak eta era askotako jolasak izango dituzte aukeran, goizez eta arratsaldez.

Bixente Etxeandia txapelketa

Klasikoa den futbol eskolen arteko txapelketa abenduaren 26 eta 28 artean jokatuko da Ibarra futbol zelaian. Guztira, zazpi elkartetako taldeek jardungo dute nor baino nor gehiago; hona hemen horiek: UDA, Mondra, Bergara eta Aloña Mendi, Lazkao, Elorrio, Otxandioko Vulcano eta Gasteizko Ariznabarra.

Abenduaren 26 goizean (09:00-14:00), 2014an jaiotakoen txanda izango da; eta arratsaldean (15:00-19:30), 2013an jaiotako neska-mutikoena.
Hilaren 27an, 2012koek jardungo dute, goizez (10:00-13:00) eta arratsaldez (16:00-18:00). Eta 28an, finalerdiak eta finalak jokatuko dira (15:30-19:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak