Gazteentzako espazio baten eskaera, kalean

Mirari Altube Arrese 2022ko abe. 16a, 19:06

"Gaztetxe baten beharra" agerian utzi gura izan dute Atxabaltako Gazte Mugimenduaren baitako gazteek eta hori lortzeko saiakera egin zuten aste bukaeran, Eroski zaharreko lokalean sartuta; horrek, baina, ez du aurrera egin, haren ateak hormatu egin zituztelako.

Gaztetxe erabilera emateko asmotan sartu ziren hainbat gazte Mitarte kalean dagoen Eroski zaharraren lokalean zapatuan, baina hiru egun geroago hormatu egin zituzten hango bi ate, eta gazteen asmoak zapuztu. Hori salatzeko eta "gaztetxe baten beharra" aldarrikatzeko, elkarretaratzea egin zuten eguaztenean.

Aspaldiko eskaera

Gaztetxe eskaera ez da izan egun batetik bestera agertu den kontua, Atxabalta Gazte Mugimenduko kideek onartu dutenez: "Azken bi hamarkadetan hainbat gazte-belaunaldi saiatu dira Aretxabaletan gaztetxe bat lortzen leku batean edo bestean. Guk landu dugun aukera Eroski egondako lokal hori okupatzearena izan da, jabea putre-funts bat izanik zilegi deritzoguna, eta horretarako aritu gara lanean. Prozesu luzea izan da, informazio asko bildu, esperientziadun jendearekin egon, gure bide propioa pentsatu eta gauzatzeko pausuak eman...".

Herriko eragile bakoitzak duela espazio bat diote –Basotxo, UDA, Loramendi, Kuartela...–, eta galdetzen dute: "Gazteok ere ez ote dugu merezi espaziorik?

Hasierako ilusioa

Lokalean sartu ondorengo egunak "ilusio handiz" bizi izan zituzten: "Asanblada bat egin genuen, orain artekoaren balorazioa egin, behin espazioa ezagutzen genuela barruan egin daitezkeen proiektuei buruzko ideiak bota eta hurrengo hilabeteetako kronograma bat egiteko. Oso ideia politak atera ziren: txapuzak egiteko tailer bat jartzea, umeentzako txoko bat egitea, eszenatoki bat, irratsaio bat... Bizilagunekin hitz egiteko beharra ere ikusi zen, beraiek baitira gertuen daudenak eta harreman ona izatea nahiko genuke".

Zorion eta animo mezu asko jaso zituztela gaineratu dute: "Asteburuan jende asko hurbildu zen gaztetxe ingurura. Inguruko herrietako gazteak ere etorri ziren babesa ematera. Lokala gureganatu osteko komunikatua herrian zabaldu zenean asko izan ziren jasotako zorion eta animo mezuak, bide onetik gindoazela esaten zigutenak. Herriaren babesa behar-beharrezkoa zaigu eta aurrerantzean ere gurekin beharko ditugu herritarrak".

Ilusio hori, baina, laster galarazi zieten: "Espazioa erosia duen Stocksanden SL putre-funtsak guk uste baino azkarrago eta gogorrago erreakzionatu du sarraila guztiak aldatuz eta lokalak dituen hiru ateetako bi zementuz eta adreiluz hormatuz. Azpimarratzen dugu jokabide horrek erakusten duela espazioa hutsik izatea dela putre-funtsaren helburua, etorkizunean saldu edo alokairuan jarri ahal izateko. Stocksanden SL enpresak ez du inolako eskubiderik herriaren erdi-erdian dagoen eta hain erabilgarri izan daitekeen lokala nahita hutsik mantentzeko".

Abenduaren 26an mobilizazioa

Dena den, ez dute geldi egoteko asmorik eta mobilizazioa iragarri dute abenduaren 26rako: "Gu ez gara geldituko. Aukeratu genuen espazioa herri erdian hutsik dagoela eta gazteok Gaztetxe bat behar dugula salatzeko mobilizazio bat egingo dugu abenduaren 26an, eta herritar guztiei eta inguruetatik babesa eman nahi digun orori dei egiten diegu etor daitezen. Lehenago edo beranduago lortuko dugu Gaztetxe bat Aretxabaletako herriarentzat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak