Igande honetan, abenduak 18, azken urteetan ohikoa den Gipuzkoako eskola kirolaren barruko Gabonetako infantilen karate txapelketa jokatuko da Aretxabaletako Ibarra kiroldegian. Benjamin, alebin eta infantil mailetako gazteek hartuko dute parte. Txapelketa 10:00etan hasiko da eta, guztira, Gipuzkoako 150 gaztetxoren partaidetza espero dute.
UDAk, beste urte batzuekin alderatuz, partaidetza urriagoa izango du: bost neska eta hiru mutil. Benjamin misto kategorian (2013-2014), Aroa Blazquezek hartuko du parte; alebin misto kategorian (2011-2012), Urko Cebrino, Xuban Mateo, Thais Diaz de Mendibil, Maitane Bartolome eta Elias El Assali arituko dira; UDAko karate taldearen partaidetza osatzeko, emakumezkoen infantil mailan (2009-2010), Izaro De la Torre eta Ariane Bartolome arituko dira. Askorentzat lehen txapelketa izango da asteburukoa, denek kata modalitatean hartuko dute parte eta Ariane Bartolomek emakumezko infantil mailan kumitean ere jardungo du.
Helduenek, berriz, asteburu honetan izan dituzte txapelketak: kadete mailako lau karatekak –Joane, Iñigo, Lander eta Beñat–, junior mailako batek –Garikoitz– eta senior mailako beste batek –Odei– Bizkaiko Lehendakari trofeoan hartu zuten parte igandean, Miribilla pilotalekuan. Hain zuzen, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Nafarroako, Errioxako, Aragoiko eta Kantabriako karatekek hartu zuten parte. Odeik lehen postua lortu zuen kumite senior mailan (-68 kilo) eta Landerrek hirugarrena kadete mailako kumitean (-65 kilo). UDAko beste parte hartzaileek ere maila ona erakutsi zuten; Iñigo, adibidez, laugarren sailkatu zen.
Zapatuan, abenduak 10, Joanna Perez Nevadok 1-dan gerriko beltza eskuratu zuen Azkoitian. Bikote lanean Iñigo Uribetxebarriak lagunduta ibili zen. Titulu horrekin, UDAk 1-Dan bi gerriko beltz eta 3-Dan gerriko beltz bat ditu.


