Iralabarri plaza eta Basabeazpi gunearen inguruan ibilgailuen zirkulazioa handia dela uste du EH Bilduk: "Horren ondorioz ikastolaren alboko zebrabidea oso arriskutsua da; jakinik gainera, haurrek asko erabiltzen dutela". Ion Albizu bozeramaileak eta Jasone Garzia-Etxabe zinegotziak adierazi dute eta hainbat aldaketa proposatu ere bai: "Hirigintza batzordean, ikastolarekin, bizilagunekin eta beste hainbat herritarrekin landu dugu proposamena".
Kaleen noranzko aldaketak
Aldaketen artean dago Iralabarri eta Basabeazpi arteko zebrabidea espaloiaren altuerara igotzea eta kalearen noranzkoa aldatzea; hau da, ibilgailuek aldapa igo egin beharrean jaistea. Aldaketa horrek beste bat ekarriko luke gero: Andra Mari auzunetik datorren zirkulazioa Araba ibilbidetik hegoalderantz bideratzea: "Kale zati hori noranzko bakarreko bihurtuko litzateke eta horrekin hemezortzi aparkaleku irabazi". Gainera, Iralabarri plaza eta industrialdearen arteko kaleak bi noranzko izatea proposatu dute. Eta horren bukaeran, Araba ibilbidean, zebrabide berri bat jartzea ere bai.
Aldaketen aurretik froga
"Aldaketa xumeak dira baina onura ekar dezaketenak, Iralabarri eta ikastetxearen arteko pasabidearen segurtasuna nabarmen handituko litzatekeelako", adierazi dute eta behin betiko erabakia hartu aurretik froga egitea proposatu: "Zirkulazioa neurtu, aldaketak behin behinean egin eta berriro neurtu". Ekarpenak jasotzeko zabalik daudela gaineratu dute –ehbildu@aretxabaleta.eus–.