Eñaut Zubizarreta aretxabaletarrak jaso du Iñigo Muguruza beka

Koldo Zubia Salas 2022ko aza. 30a, 09:42

Trigger ezizenez ezagun den biolontxelo-jolea Musika modernoan murgiltzeko harizko musika tresnentzako ikastaroa proiektuagatik saritu dute bigarren edizio honetan. Beka jasota, zortzi hilabete izango ditu proiektua gauzatzeko.

Iñigo Muguruza bekaren bigarren ekitaldiaren irabazlea izan da Eñaut Zubizarreta biolontxelo-jole aretxabaletarra. Musika modernoan murgiltzeko harizko musika tresnentzako ikastaroa proiektuarekin izan da garailea. Irungo Udalak antolatutako beka deialdiaren helburua ikerketa-ekintza proiektuak sustatzea da, euskal esparruko azken hamarkadetako musika modernoarekin lotuta. 

Azaroaren 28an, goizean, aurkezpena egin zuten, eta bertan izan zen Eñaut Zubizarreta, proiektu proposamenaren gainean hitz egiten. Hari igurtzizko musika tresnaren esparruan musika-lengoaia modernoaren oinarrizko kontzeptuak zabaltzea eta komunitateari honen inguruko baliabide didaktikoak eskaintzearen garrantzia nabarmendu ditu proposamenaren oinarri bezala. Horrekin batera, online bidez irisgarritasuna eta hedapena sakontzea eta azken urteetan Euskal Herrian sortutako musika errepertorioa ezagutzera ematea ere helburu dituen proiektua da Zubizarretarena. 

Hezkuntzako ordezkari eta Musika Eskolako presidente Santi Jimenezen hitzetan, “oso garrantzitsua da horrelako bekak ematea oso esparru espezifikoetan". Baikor agertu da, gainera, Eñaut Zubizarretaren proiektuarekin: "Musika modernoaren kasuan, nabarmentzekoa iruditzen zaigu ezagutzak zabaldu eta eskaini nahi dituen proiektu bat garatu ahal izatea. Izan ere, entzuten dugun guztiaren azpian deskubritzea merezi duen mundu bat dago. Seguru nago proiektu honen bidez musika modernoa hobeto ulertu eta sentitu ahalko dugula”.

Orain, zortzi hilabete izango ditu Zubizarretak ikerketa lana aurrera eramateko, esleipena egiten den momentutik aurrera hasita. Entregatu beharreko azken emaitza formatu askotakoa izan daitekeela nabarmendu dute: proiektua, prozesua edo ekintza –dibulgazioko materiala, lankidetzako prozesuak, parte hartze bidezkoak…–. Bestetik, bekak 9.000 euroko zuzkidura du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak