Aurkeztu dute Ikastetxe-Klik, Debagoieneko ikastetxeetan energia aurrezpena sustatzeko proiektua

Miren Arregi Amasorrain 2022ko aza. 22a, 12:26

Energia garbi eta merkeena, kontsumitzen ez dena! lelopean, Ikastetxe-Klik proiektua burutuko da oraingo ikasturtean Debagoieneko hamar ikastetxetan. Debagoiena 2030 ekimenak bultzatuta eta udalek lagundua, energia eraginkortasunaren alorrean lanean dabilen ekoON enpresaren bide-laguntza izango dute ikastetxeek prozesu guztian zehar. Helburua da, ikasturte bukaerarako, proiektuan parte hartuko duten ikastetxeetako eraikinetako energia eta ur kontsumoak murriztea.

Ikastetxe-klik proiektua burutuko duten ikastetxeetako ordezkariak, udal ordezkariak eta Debagoiena 2030ko eta ekoONeko ordezkariak izan dira Aretxabaletan egin den aurkezpenean. Ikastetxe-Klik proiektua, Debagoienean trantsizio energetikoa sustatzeko Debagoiena 2030 ekimenak bultzatutako ‘Eraginez Piztu’ esku-hartze proposamenaren baitakoa da.

Oraingo ikasturte bukaerarako ikastetxeetako eraikinetako energia eta ur kontsumoak murriztea da helburua: horretarako, neurri eraginkorrak proposatu eta praktikara eraman beharko dituzte.

Energia taldeak sortuko dira geletan

Neurri horien proposamena eta jarraipena egiteko hezkuntza komunitateko kideez osaturiko Energia Taldeak sortuko dira ikastetxeetan. Energia taldean ikastetxeko langileak –izan irakasle, garbitzaile, jantokiko langile…–, gurasoak eta ikasleak egongo dira ordezkatuta. Horrek bultzatuko du murrizketan ez ezik, eskola komunitate osoaren kontzientzietan ere aldaketak eragitea.

Ikasturtean zehar landuko dira, batez ere, ohitura aldaketak eta horiek ahalbidetuko dute energia eta ur kontsumoetan murrizketa handiak. Urte bukaeran ikastetxeek lortuko duten aurrezpenearen %50 bueltatu egingo zaio ikastetxeari –Udalen babesari esker–, eta energia taldeko kideek erabakiko dute diru hori non inbertitu. Gainerako %50 inbertituko da efizientzia neurri berrietan.

Parte hartuko duten ikastetxeak

Hamar dira guztira Ikastetxe-Klik proiektuan parte hartuko dute ikastetxeak: Aretxabaletan, Kurtzebarri Eskola; Arrasaten, Arrasate Herri Eskola eta Arrasate Institutua; Arrasate eta Eskoriatzan, Arizmendi Ikastola (Almen eta Gazteluondo); Bergaran, Mariaren Lagundia eta San Martin Herri Eskola; Elgetan, Elgetako Herri Eskola; Eskoriatza, Luis Ezeiza Herri Eskola eta Oñatin, Oñatiko Instituta eta Elkar-Hezi ikastetxea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak