Zinema aste bukaeran iritsiko da Arkupera

Mirari Altube Arrese 2022ko aza. 17a, 17:48

Artemaneko Arantzazu Lagunilla, Kultura teknikari Inma Miguel eta Kultura zinegotzi Ainhoa Cabero, Zaraia aretoan.

Arteman agentziari eman dio zinema proiekzioaren ardura Udalak; urtebeterako, luzatzeko aukerarekin. Hala, apirilera bitartean emango dituzte filmak, egubakoitzean hasita: helduek, El cuarto pasajero izango dute eta haurrek Orkestra lurtarra.

Bueltan datoz filmak Arkupera zinema proiekzioaren zerbitzua esleitu ondoren. 60.487 eurotan –BEZa barne–, Arteman komunikazio agentziari eman dio Udalak horren ardura, urtebeterako; ondoren, beste bi epealdi luzatzeko aukera egongo da. Apirilera arte iraungo du zinema denboraldiak, beste urte batzuetan legez.

"Lehentasuneko gaia"

Irailean hutsik geratu zen udal zerbitzu horren lehen lizitazio deialdia, eta horrek zerbait atzeratu du filmen proiekzioa. Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak horren arrazoiak azaldu ditu: "Aurkeztu zen enpresa bakarrak ez zuen eskaintza ekonomikoa jaso kontratazio pleguetan eskatzen zen bezala". Urrian bigarren deialdia egin zuten: "Gaiari lehentasuna eman diogu eta urrian beste deialdi bat egin zen, prozesua bizkortzeko epeak egokituta. Ostiral honetatik aurrera, beraz, zinema Arkupera itzuliko da".

EH Bilduk zinema denboraldiaren atzerapenaren berri eman zuen orain dela hilabete inguru, "esleipen prozesua garaiz ez abiarazi izanagatik". Caberok deitoratu egin du "hedabideetan eta beste kanal batzuetan adierazpen publikoak" egin izana: "Urtarrilera edo otsailera arte zinemarik ez genuela izango ziurtatuz, herritarren artean ezinegona sortzeko eta Udal Gobernu honen kudeaketa zalantzan jartzeko asmoarekin".

Era berean, gogorarazi dute "zerbitzu honen aldeko apustuan" Udalak 45.000 euro inbertitu dituela aurten, zinema-proiektore bat erosteko: "Horri esker, Zaraia aretoa ekipo digital batez hornitu ahal izan da".

El cuarto pasajero eta El vasco

Alex de la Iglesia zuzendari ezagunaren El cuarto pasajero filmak abiaraziko du zinema denboraldia gaur, egubakoitza (22:00); Blanca Suarez, Alberto San Juan, Ernesto Alterio eta Ruben Cortada ditu protagonista. Filma emango da zapatuan (19:30) eta astelehenean, ikuslearen egunean (16:00). Umeek, ostera, Orkestra lurtarra filma ikusi ahal izango dute, zapatuan (17:00).

Azken aste bukaeran Jabi Elortegi zuzendari bermeotarraren El vasco izango dute helduek, Joseba Usabiaga eta Itziar Aizpuru protagonista izanik; hilaren 25ean (22:00), 26an (19:30), eta 28an (16:00) emango dute. Umeek, ostera, Dc Supermaskoten liga ikusi ahal izango dute zapatuan (17:00). Domeketan, hilaren 20an eta 27an, ez da zinema emanaldirik izango, beste ikuskizun batzuk daudelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak