Kopa irabazita borobildu du Ainara Urrutiak denboraldia

Xabier Urtzelai 2022ko aza. 18a, 16:00

Ainara Urrutia, argazkiaren erdian, Urduñan nabarmendu ziren gainontzeko lasterkariekin batera. Argazkia: EMF

Joan den domekan Urduñan jokatu zuten EMFk antolatzen duen Euskal Koparako puntuagarria zen azken proba: Urduñako V. mendi lasterketa. Ainara Urrutia izan zen emakumezkoetan onena, eta Euskal Kopa poltsikoratu du horrela.

Urte borobila egin du Ainara Urrutiak (Aretxabaleta, 1981), eta domekan Urduñan jarri zion ginga, Euskal Kopako lineako azken lasterketa irabazita. Urrutiak egutegi betea izan du aurten, nazioarteko eta gertuko lasterketetan nabarmendu da, baina aretxabaletarrak EMF Kopako zirkuituko onena izan nahi zuen, eta helburu horrekin aurkeztu zen Urduñako lasterketako irteera puntura.

Bada, Aiaramendi Korrikalariak taldeko atleta lehen igoera gainditu ondoren hasi zen kontrarioak atzean uzten, eta alde hori handituz joan zen helmuga zeharkatu zuen arte. Urrutiak 3.24.04ko denbora egin zuen 18 kilometro eta 1.750 metroko desnibela zuen lasterketan, eta probaren errekorra ezarri zuen, bigarren sailkatu zen Irati Ortiz de Andari bost minutuko tartea aterata. Oihana Zubillaga izan zen podiuma osatu zuen hirugarren lasterkaria.

Kopa, poltsikora

Garaipen horrekin, eta lineako Euskal Kopako bost lasterketetan batutako puntuei esker –Kolazino Mendi Eguna, Kilimon Trail, Amurrio Trail, Labastida Trail eta Urduñako Mendi Lasterketa–, Urrutiak Kopa poltsikoratu du, eta beteranoen kategorian ere Aretxabaletakoarendako izan da garaikurra. Gizonezkoetan, berriz, Urduñan ere lehenengo sailkatu zen Asier Larruzearendako izan da Kopa. Mendiko lasterketen denboraldiari ezin zaio gehiagorik eskatu; orain, atseden hartzearekin batera asfaltozko lasterketa batzuk egiteko gogoz dagoela aitortu du aretxabaletarrak.

Malen Osa 'Harmailatik' saioan

Bestalde, astelehenean Harmailatik saioan Malen Osa izango da (21:30, 23:00, Goiena telebista) . Salomon etxeko atleta duela hilabete Madeiran (Portugal) egin zuten Golden Trail Series-etako finalean nabarmendu zen, bost etapak irabazita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak