Ohiko osoko bilkuran elkartu zen udalbatza joan den eguaztenean. Aho batez onartu zuten kale garbiketa zerbitzua beste urtebetez luzatzea Zerbitzu enpresari. Hala, datorren urtean lizitaziora atera beharko da. Bestetik, Debagoieneko Mankomunitatearekin hitzarmena sinatzea onartu zuten Lanbideren bitartez langileak kontratatzeko, urtero legez.
Euskara ikasleei bideratutako laguntza partida handitzea erabaki zuten; izan ere, aurtengo eskaera guztiendako ez da diru nahikoa izan, Koldo Zubillaga zinegotziak adierazi zuenez: "Hemendik aurrera ere arazorik izan ez dadin, igotzea proposatu dugu".
Kuartela konpontzeko eskaera
Kuartela elkarteko ordezkaritza bat izan zen osoko bilkuran. Eraikinaren egoeraren berri ematera joan ziren, ehun bat bazkideren izenean, eta "Udalak hartutako konpromisoak" betetzeko eskatzera. "Komunak egoera tamalgarrian daude eta egurrezko eskailerak gero eta okerrago, sitsaren erruz", adierazi zuen ordezkari lanak egin zituen Josu Irurek. Baina bereziki instalazio elektrikoak kezkatzen ditu bertako erabiltzaileak.
Kuarteleko lehenengo jaialdia egin zutenean, 2019an, konturatu zirela instalazio hori egoera kaskarrean zegoela adierazi zuen, eta gaineratu Udalari berri eman ziotela. Iazko ekainean, "orain arteko sustorik handiena" bizi izan zuten: koadro elektrikoak su hartu zuen. "Iaz, partida bat onartu zenuten konpontzeko, baina azaroan gaude eta aurrerapausorik ez dago". Gaineratu zuten neguaren etorrerarekin berogailuak pizterakoan gerta daitekeenak kezka handia eragiten diela.
Unai Elkoro alkateak erantzun zien instalazio elektrikoari konponbidea topatzea bere gain hartzen duela, eta dagoeneko aurrekontu bat eskatuta daukala: "Konpromisoa hartzen dut Udaletik joan aurretik martxan egotea". Bilera batera deituko dituela esan zien. Komunei dagokienez, komentukoak kuartelera eramatea aztertzen hasi direla aipatu zien: "Egoera onean daudelako".
EH Bilduko Ion Albizuk eskertu egin zuen osoko bilkurara joan izana berri ematera.