Udal liburutegiak haurrei zuzendutako bi ekintza antolatu ditu azarorako. Maite Mutuberria ilustratzaile nafarrak zuzenduko du azaroaren 15ean egingo den liburu-tailerra, 17:30etik 19:00etara. Saioan 8 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute. Marrazketaren, koadernaketaren eta hitz-jolasen tekniken bidez ilustrazioaren munduan murgiltzeko aukera izango dute. Gehienez, 30 laguneko talde bat osatuko da, eta izen-ematea azaroaren 7an irekiko da. Doan da.
Azaroaren 30erako, Ixabel Agirresaroberen ipuin saioarekin gozatzeko aukera egongo da. Usurbilgo narratzaileak Udazken zopak ikuskizuna aurkeztuko du 5 eta 8 urte bitarteko haurrentzat. Hitzordua txiki-txokoan izango da, 18:00etan. Kasu honetan, izena azaroaren 14tik 21era arte eman beharko da.
Literatura solasaldiak
Azaroaren 10ean, eguenean, euskaraz izango da helduendako literatura solasaldia, 19:00etan, Arkupen. Jamaica Kincaid idazlearen Nire amaren autobiografia liburuaren bueltan jardungo dute kontu-kontari; Antigua eta Barbudan jaiota gaur egun Estatu Batuetan bizi da eta eleberriak, saiakerak eta lorezaintzako liburuak idatzi ditu.
Azaroaren 16an, ostera, gaztelaniazko solasaldia egingo dute 18:00etan, hau ere Arkupen. Naguib Mahfouz idazle egiptoarraren El callejón de los milagros liburuaren bueltan elkartuko dira.